Haizea etxea okupatzeagatik, 11.000 euroko kalte-ordainak ordaintzera kondenatuta, bi gazteak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 14a, 00:00

Otsailean epaitu zituzten bi hernaniarrak: usurpazio delitutik absolbitu dituzte, baina kalte-ordainak ordaintzera kondenatuko dituzte.

2017ko uztailean okupatu zuen Hego Haizea etxea, Hernaniko Jauregi auzoan, gazte talde batek. Ia lau urteren ondoren, 2021eko otsailaren 2an, gertatutakoren harira epaiketa izan zuten bi hernaniarrek, okupazio delitua egotzita. Asteazkenean jaso zuten epaia, eta usurpazio delitutik absolbitu badituzte ere, 11.000 euroko kalte-ordainak ordaintzera behartu dituzte.

Epaiaren kontra agertu da Hernaniko Gazte Asanblada. «Epaiaren eta justizia burgesaren interesa salatu nahi ditugu; gure borrokan berresten gara».

«Etxearen jabeak, akusazioak, usurpazio, lapurreta eta kalte materialak egitearen delituak egotzi nahi zizkigun auzipetutako kideei», azaldu dute bi gazteek. «Hasieratik berretsi ginen hautuan eta auzipetuen absoluzioa defendatu. Izan ere, eta epaiketan frogatu genuen bezala, urte luzez abandonatuta eta faktore ezberdinek erabat kaltetuta zuten etxea berreskuratu, berregokitu eta oinarrizko beharrak asetzera bidean jartzeko borondatea izan genuen».  Hori horrela, diote, «akusazioaren interes bakarra gure kontura dirua ateratzea izan zen».

 

Kanpaina ekonomikoa

Okupazio delitutik absolbitu badituzte ere, 11.000 euroko kalte ordainak egotzi dizkiete. «Besterik egotzi ezin eta jabeen interes ekonomikoak asetzera begira emandako epaia dela uste dugu», salatu dute. Horren aurrean, jakitera eman dute kalte ordainei aurre egiteko kanpaina ekonomikoa abiatuko dutela. Aurrerago emango dute horren berri. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!