Hitzaldia eta kontzentrazioa gaur, Kolonbia eta Palestinari elkartasuna adierazteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 14a, 00:00

Ikasleak eta langileak manifestazioan, Bogotán. Argazkia: AFP

Azken egunotan Kolonbian eta Palestinan gertatzen ari diren ezbeharrak salatzeko asmotan, hitzaldia izango da gaur, Biterin, 18:00etan; eta, ondoren, 19:30etan, kontzentrazioa egingo dute Plaza Berrin.

Joan den apirilaren 18an hasi ziren Ivan Duque Kolonbiako presidenteak proposatutako zerga erreformaren aurkako protestak. Kolonbiako herria kalera atera zen Duquek hartutako erabakia salatzera. Izan ere, besteak beste, pandemia betean errentaren eta oinarrizko produktuen gaineko zergak gehitzea proposatzen zuen.  Herriaren haserrearen aurrean eta kolonbiarren borroka isilarazteko helburuz, Duquek hiri nagusiak militarizatu ditu eta errepresio bortitza erabili dute herritarren kontra.

Hain justu ere, Kolonbia Aurrera mugimenduak ohar bidez salatu duenez, «gaur egunera arte, 490 pertsona baino gehiago lesionatu ditu, horietako 32 begiko lesioekin; 129 su armaren tiro kasu eta 42 heriotza zenbatu ditu; 476 bortxazko desagertze eta 18 sexu indarkeria kasu eragin». Hori guztia salatzeko eta Kolonbiari elkartasuna adierazteko, hitzaldia eta kontzentrazioa antolatu dituzte gaurko, Biterin 17:30etan eta Plaza Berrin 19:30etan, hurrenez hurren.

 

Kezka, egoeraren aurrean

Gaurko saioak antolatu dituzte Hernaniko Kooperazio Taldeak, Askapenak, Amherrek eta Hernaniko Udalak. Kezka azaldu dute Kolonbian gertatzen ari denarekin; «Ivan Duque presidentearen zerga erreformaren ondoren, herriak bere atsekabea adierazi zuen lanuzte nazionala antolatuz. Aberatsei pribilegioa ematen dien sistema baten bidegabekerien aurka protesta egiteko helburuarekin; eta, bitartean, ongizate ekonomikotik, hezkuntzarako sarbidetik eta osasunetik biztanleriaren sektore zabala baztertzen da. Azkenik, legeak eta segurtasun-kidegoak (polizia eta armada) giza eskubideak urratzeko erabiltzen dituen sistema da», deskribatu dute. 

Horrekin batera, Duqueren erantzuna salatu dute: «manifestazioak balekin eta kolpeekin erreprimitu zituzten, eta, guztira, dozenaka hildako eta ehunka zauritu, atxilotu eta desagertu izan ziren. Errepresio- eta jazarpen-egoera horri borroka eta erresistentzia kontrajartzen zaizkio».

Horrez gain, Palestinar herriari ere elkartasuna adierazi nahi diote. Izan ere, azken egunetan Israeleko gobernuak Gaza bonbardatzeari ekin dio. «Eraso larria jasaten ari dira», eta dagoeneko 65 hildako daude. «Bi aldarrikapenak batzea erabaki dugu, herri horiek bizi dituzten erasoak elkarrekin salatuz eta elkartasuna batuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!