Olaranek hitzaldia eskainiko du gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 12a, 00:00

Donostiako Aquariumean da ekitaldia, 18:30etan, eta Etiopiako egoeraren berri emango du. 

Angel Olaran Euskal Herrian dago, baina arima eta burua Etiopian ditu. Wukro herria eta Tigray eskualdea gatazka egoera larrian murgilduta daude, eta hara itzultzekotan da euskal misiolaria. 2020ko azaroan etorri behar izan zuen hona, Tigrayn gerra lehertu baino egun gutxi batzuk lehenago: «ni hona itzuli eta lauzpabost egunera hasi ziren lehen erasoak, ez genuen halakorik espero, harrigarria izan zen». Harrez gero testigantza zuzenak telefonoz jaso izan ditu Olaranek, testigantza gogor eta gordinak. Gerraren injustua bezala, Tigrayn bizi den krisi humanitarioa salatzen du, «genozidioa da Tigrayn gertatzen ari dena, garbiketa etnikoa», dio.


Orain, hara itzuli nahi duen honetan, eta egiten duen lanaren aitortza moduan, jendaurreko ekitaldia antolatu da Donostiako Aquariumeko auditorioan, gaur, 18:30etan.


Angel Olaranek han izango ditu hainbat lagun eta kolaboratzaile: Pello Ruiz Cabestany txirrindularia, Karlos Argiñano eta Pedro Subijana sukaldariak, Hernani Wukrorekin GKE, Maider Arostegi kooperantea, Eugenio Tamayo merkataria, Angel Cuerdo eta Fabi Jubin bidaiariak besteak beste. Gonbidapenak etiopia.angelolaran@gmail.com helbidera idatziz eskatu behar dira.


Angel Olaran Wukron lan egiten duen misiolaria da. Hemezortzi urterekin egin zen misiolari. Aita Zurien kongregazioan sartu eta Tanzanian hasi zen lanean. Han hogei urte egin ondoren ipar Etiopiara joan zen, Eritreako mugan dagoen Tigray eskualdera. Wukro izeneko herrian bizi da, eta Saint Mary Misioan aritzen da, hezkuntzan, osasungintzan eta behartsuenei giza laguntza ematen.


Hitzaldian osasun neurriak aintzat hartuko dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!