Victor Hugo, Hernani izena gogoko zuen antzergilea

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00
Victor Hugok Hernaniri buruz ere idatzi zuen.

JUANJO URIA ZUBIARRAIN

Ez, ez, Victor Hugo ez zen hernaniarra. Frantziarra zen, Besançon-en jaioa 1802an eta Parisen hila 1885ean. Gizon ospetsua izan zen, batez ere literatura munduan. Frantziako ospetsuenetakoa XIX. mendean. Nobela, antzerkia eta poesia maisuki landu zituen; margolari lanetan ere aritu zen, eta politikari bezala ere jardun zuen. 


Nobelan, lan ezagunena (maisulana), Les Misérables izango du, baina baditu beste batzuk ere, esate baterako, Notre Dame de Paris. Poesian, Les feuilles d`automne edo Odes et ballades izan ditzake sonatuenak eta antzerkian berriz, Le roi s`amuse eta Cromwell. Baina badu beste antzezlan bat, zer esan handia eman zuena bere garaian, eta izena gure herritik hartu zuena, Hernani izenetik alegia. Zergatik? Ez dakigu ziur, baina seguru asko bere aita militarrarengandik –aita, Napoleonen alde aritu zen espainiarren kontrako gerran- jasotako argibideetatik hartuko zuen Victor Hugok Hernani izena antzezlanarentzat.


Victor Hugok 1843an bisitatu zuen Hernani eta batez ere Pasaia. Baita Baiona, Donostia, Tolosa eta Iruñea ere. Koldo Izagirre, euskal idazle oparoak egin zuen Hugok Euskal Herriari buruz idatzitakoaren itzulpena, bere jaiotzaren bigarren mendeurrenean (1802-2002). Idi orgaren karranka izeneko lan dotorea osatu zuen Izagirrek, non Victor Hugok, Euskal Herriari buruz egindako analisiak jasotzen diren –historiko-politikoa, antropologikoa eta soziala-. 
Euskararen inguruan pentsatzen zuena, berea den esaldi batean laburbildu daiteke: «Euskaraz sortu, euskaraz mintza, euskaraz bizi eta euskaraz hil. Euskara aberri da hemen, erlijio, esanen nuke kasik. Esaiozu euskarazko hitz bat baserritarrari mendian; hitza esandakoan anaia zaitu. Espainiera atzerriko da hemen, frantsesa bezala».


Gerra karlistako bonbek txikitutako Euskal Herria ezagutu zuen Hugok eta Hernani gure herriari dagokionez, esaldi esanguratsu hau utzi zuen: «Hernanik ez dauka monumenturik, eliza arrunt bat –Pompadour estiloko portiko aberatsa duen arren- eta udaletxe ezdeus bat; baina  Hernanik pasaia miresgarria dauka eta katedral batek adina balio duen karrika. Hernaniko karrika nagusia, dena erliebezko armarriek, bitxi-balkoiek, atari jaungoenekoek apaindua, egun almenen ordez, amatxi-loreak dauzkan borta hondatu batek itxia, liburu bikaina dugu, non irakurri daitekeen, orrialdez orrialde, etxez etxe lau mendetako arkitektura».


Hernani obraren estreinaldia 1830ean izan zen Parisen eta antzerkiaren historira pasa da, sekulako liskarrak gertatu zirelako bi pentsaera desberdin zuten jendeen artean: klasikoak eta erromantikoak. Oso estreinaldi iskanbilatsua gertatu zen eta hain egin zen ezagun Pariseko antzoki hartako borrokaldia, La batalle d`Hernani esamoldearekin egin zela ospetsu, gaurdaino iraun duena gainera. Zalapartatsua gertatu arren, arrakasta handia lortu zuen Hernani antzezlanak.


Giussepe Verdik are ospetsuago egin zuen Hernani antzerki obra, opera bihurtu baitzuen 1844an Veneziako estreinaldian.

Doinua: Abogatuak deitu berri dit
1
Hugorentzat lan hau egitea                                                  
izan zen beste erronka, 
nahiz eta batzuk jarri zituen
oldarkor besteen kontra,
“Hernani” obrak ekarri zuen
jende arteko borroka,                     
klasiko nahiz erromantikoak       
jarri ziren elkar joka,                        
eta ez da ez, txantxetakoa,                              
influentzia, edota,    
Hernani izenak Paris hartan
ekarri ohi zuen soka.

2
Hernani bere ibilbidean 
maiz egon da markatuta, 
istilu batzuk edo besteak
direla-ta, zikinduta,
ordea paristarrak orduan                                                        
eduki zuten kondukta,
haseran soilik oihuka baina
gero lepotik helduta,
eta ardura “Hernani”rena
zitekeela onartuta,
Hernanik ez zuen izan liskar
istilutsu haien kulpa.

3
Zenbat pertsonai, zenbat istori     
eta zenbat errelato, 
idatzi ote zenuen lumaz
Hugo zure obrarako,
eta gaurkoan pozik bidali
nahi nizuke esker franko, 
gure izena orduan eta  
ia ia betirako,      
Parisen eta Europan ere
zabaldu zenuelako,
nahiz eta izan estreinaldian
saltsa sortu zuelako.                                  

4
Esan zenuen gure paisaia
liluragarria zala,
ta gune historikoko Kale                                                               
Nagusia, katedrala,
esan zenuen goiko gunea
ez zela monumentala,
eliza nahiko arrunta zela
eta udala hutsala,
agian guztia izango da
esan zenuen bezala,
baina guk hor bizi dugu gure
zirrara emozionala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!