Barrenetxeak eta Iriondok partidu guztiak irabazi, eta finalerdietara pasea Irazustabarrenak eta Arrietak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 11a, 00:00
Kadete mailako sei bikote aritu ziren Hernanin, igandean, Euskal Herriko Ligaren aurreneko jardunaldian.

Ondo ekin diote hernaniarrek Euskal Herriko Ligari, kategoria guztietan. Jubeniletan, jardunaldiko finalera iritsi ziren Kerejeta eta Macicior, baina galdu egin zuten. Final laurdena irabazi zuten nagusiek, Errekaleorren kontra.

Asteburu honetan hasi dute Euskal Herriko Liga, palista hernaniarrek; eta ondo ekin diote gainera. Nagusietan, final laurdena irabazi, eta finalerdietara sailkatu dira Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta, Errekaleor B menderatuta (30-19).

Jubenilek eta kadeteek, berriz, ligaxka eta kanporaketak jokatuko dituzte jardunaldi bakoitzean. Jubenilak Elorrion aritu ziren larunbatean, eta finalera iritsi ziren Ane Kerejeta eta Enara Macicior, baina galdu egin zuten. Horrela, bigarren postuarekin, 40 puntu eskuratu dituzte aurreneko jardunaldian.

Kadeteek, berriz, Hernanin bertan jokatu zuten igandean. Sei bikote aritu ziren, tartean bi bikote hernaniar; eta Alaitz Barrenetxea eta Maddi Iriondo aritu ziren ondoen: partidu guztiak irabazi zituzten, baita finala ere, eta 50 puntu eskuratu dituzte.

Frontballean, bestalde, hobeto aritu dira hernaniarrak, aste­buru honetan; eta garaipena lortu du Ane Kerejetak (2-1).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!