PSE-EEren ustean, Elkarrekin Podemosek «seriotasun falta» du

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 10a, 00:00

Ricardo Crespok adierazi du Hernaniko Elkarrekin Podemos alderdiak «seriotasun, zorroztasun eta lan falta» duela. 

Ricardo Crespo Hernaniko udal talde sozialistaren bozeramaileak azaldu duenez, Pedro Sanchezek zuzentzen duen Espainiako Gobernua Etxebizitza Lege bat prestatzen ari da, onura fiskalen eta eskaintzaren igoeraren bidez alokairuaren prezioak jasotzeko eta jaisteko. «Hori ez ezik, alokairuaren gehiegizko igoerak geldiarazteko mekanismoak ere ezartzen ari da, eta etxebizitza eskaintza errazteko neurri sorta bat ere ezarri du, errenta txikiagoa duten pertsonentzat eta, bereziki, biztanle ahulenentzat». Besteak beste, hauexek zerrendatu ditu PSE-EEko bozeramaileak: zerga-esparrua hobetzea, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuak izendatzea eta etxebizitza hutsen definizioa aldatzea OHZn errekargua aplikatzeko.


Horren bueltan, Iñaki Arriola sozialista Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburua dela adieraztearekin batera, Arriolak alokairuen prezioa «kontrolatzeko» har daitezkeen neurri «eraginkor» guztiak gauzatzen ari dela esan du. «Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzen duen lege baten esparruan, Europako lege aurreratueneko bat da». Azken horrek, gehitu du, Patxi Lopezen Gobernuak bultzatutako lege-proiektua zuen oinarri, «baina ezin izan zuen onartu, hauteskundeak aurreratu zituztelako».


Proiektu «propioa» etxebizitzaren alorrean, PSE-EEk

Horrez gain, Cresporen esanetan, «Etxebizitzaren Euskal Legea PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin onartu zen 2015ean, Ahal Dugu ia existitzen ez zenean». Hori dela eta,  dio, «Elkarrekin Podemosek ez bezala, euskal sozialistok proiektu propioa dugu etxebizitzaren alorrean». Izan ere, Elkarrekin Podemosek ohiko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu zuela jakinarazi du, eta horri gehitu dio: «Podemos Madrilek zuzendutako kanpaina baten kopia eta pega bat besterik ez zen izan mozio hori». PSE-EEren ustean, hori Espainiako Gobernuan eztabaidatu beharko lukete. Horregatik, haien ustez, «presio-kanpainak besterik ez dituzte sortzen».

Horregatik guztiagatik, «Hernaniko Elkarrekin Podemosen seriotasun, zorroztasun eta lan falta» sentitu du alderdi sozialistak. «Ez ditu ezagutzen Gipuzkoako Foru Aldundiak etxebizitzaren arloan ezartzen dituen neurri fiskalak. Osoko bilkuran, PSE-EEk gogoratu baitzituen, eta ez ditu ezagutzen euskal etxebizitzaren legeak jasotzen dituen hobariak. Ez daki Euskadin funtsean dagoen arazo bakarra ez dela alokairuaren prezioa, alokairuaren eskaintza eskasa baizik; eta, gainera, ez daki etxebizitza ez dela udalaren eskumena».

Cresporen ustez, «akats berak ez egiteko», garrantzitsua da iragana ezagutzea eta bertatik ikastea. «Podemosek proposatzen duena errenta zaharraren legearen antzekoa da. Lege horren ondorioz, alokairuko etxebizitzen eskaintza jaitsi egin zen, jabeentzat ez baitzen errentagarria etxebizitzak birgaitzea, zeren alokairu txikiak baitzituzten».

Azkenik, PSE-EEk adierazi du Elkarrekin Podemosek  «polemika» bilatzen duela, «argudiorik gabe». Horrekin lotuta, Crespok, alderdiko bozeramaile gisa, hauxe salatu du Podemosi buruz: «Hernaniko bizilagunen beharren arabera titular bat lortzeko zarata egin nahi du. Politikak funtsik gabeko salaketa hutsa baino zerbait gehiago izan behar du».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!