Sahatsa Jauregiren eta Azucena Vieitesen lanak erosi zituen Kutxak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 9a, 00:00

Sahatsa Jauregiren 'Prieta' obra.

9 artistaren lanak erosi zituen Kutxa Fundazioak, eta bi hernaniarren obrak izan ziren hautatuak.

Erakundearen arte-ondarea bultzatzeko eta Gipuzkoako sektore artistikoari laguntzeko asmoz, bere Arte Ederren Bildumarako erosketa-programa bat jarri zuen abian Kutxa Fundazioak, Covid-19ak sortutako larrialdi-egoeraren aurrean laguntzeko aparteko neurri gisa. Denera, Gipuzkoako 9 artistaren lanak erosi zituen joan den urtean, eta bi hernaniarren obrak izan ziren hautatuak: Sahatsa Jauregirenak eta Azucena Vieitesenak.

Azaldu dutenez, lanak zein artistak aukeratzeko, jardunean dauden Gipuzkoako artisten lanak baino ez dira eskuratu; izan ere, «pandemiak sortutako zailtasunei erantzutea» zen erosketaren programaren xedea. Gainera, aurretik Kutxa Fundazioaren Bilduman ez zeuden artisten lanak hautatu dira, eta belaunaldi gazteenei «arreta berezia» eskaini diete, «berdintasun haundiagoko bilduma osatzea helburu hartuta». Hori horrela, esan bezala, guztira 9 lan aukeratu dituzte: Jaime de los Ríos, Iñaki Gracenea, Zuhar Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Maider Lopez, Asier Mendizabal, Elena Mendizabal, Pilar Soberón eta Azucena Vieites.

 

 

'Prieta' Jauregik, eta 'Fundido encadenado' Vieitesek

Sahatsa Jauregiren lanaren izena Prieta da. 2020 urteko obra da eta hainbat materialez dago osatua: bainuko altzaria, inprimaketa digitala, burdinazko hagaxka, gas-betegarriak, eskumuturrekoa eta markoei eusteko piezak.

Azucena Vieitesena Fundido encadenado - Break You Nice da, 2012 urtean egindakoa. Paper gainean egindako serigrafia da, eta 4 piezatan dago banatuta. Horietako bakoitzak 120 x 80 cm-ko neurria du, eta hainbat irudi bereiz daitezke  txuri-beltzeko multzo bakoitzean: gorputzen atalak eta naturako elementuak, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!