Telefono mugikorraren erabileraz etzi, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 9a, 00:00

'Gaztetxoak eta telefono mugikorrak' izeneko mahai ingurua izango da asteartean, 18:30etan.  Streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Telefono mugikorraren erabilerari buruzko mahai ingurua izango da etzi, Biterin, arratsaldeko 18:30etan. Saioa euskeraz izango da, eta aldi bereko itzulpena izango da gaztelaniara. Kistiñe Lujanbio arituko da bideratzaile lanetan, herriko guraso taldeko kidea. Gainera, bertaratzeko aukera ez dutenentzat, saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango da Udaleko YouTube kanalean.

Gaia izango da gazteek sakelekoarekin duten erabilera, eta horren gainean arituko dira. «Aspaldiko kezka da telefono mugikorrak eta pantailak, oro har, zenbat eta nola erabiltzen ditugun. Azken urte honetan, osasun egoerak eraginda, kezka areagotu egin da erabilera oraindik eta gehiago haunditu delako. Eta kezka larriagoa da hainbat gurasoren artean, seme-alabak oso gazterik hasten direlako gailu horiek eskatzen eta neurriz gaineko erabilera egiten», azaldu dute antolatzaileek.

 

Hiru hizlari izango dira

Horrela, bada, kezka horretatik abiatuta, Hernaniko Udaleko Hezkuntza departamentuak etziko mahai ingurua antolatu du. Hiru hizlarik hartuko dute parte, eta telefono mugikorren zein pantailen alderdi onuragarriak eta arriskuak azalduko dituzte. Horrez gain, arriskuei aurre egiteko martxan dauden ekimen batzuen berri ere emango dute.

Bestalde, denera, hiru hizlarik hartuko dute parte: Maite Goñi Eizmendi, Mondragon Unibertsitateko irakaslea teknopedagogia eta konpetentzia digitalaren esparruan; Eneko Jorajuria Urruñako San Frantses Xabier eskolako irakaslea eta 10 Egunez Pantailak Utzi elkarteko kidea; eta Miren Ros Aiartzaguena formatzailea eta Gure aukera, guk 16 taldeko partaidea.

Aurreko asteetan gaiaz hausnartzeko aukera izan zuten herritarrek, hainbat saio egin baitzituzten. Oraingo honetan, berriz, gehiago sakontzeko astia izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!