Ikastaroak adin guztietako herritarrentzat, maiatzeko larunbatetan eta asteazkenetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 9a, 00:00
Hirugarren adinekoentzat ikastaroa, joan den urteko urrian.

Hilabete honetan, 'Astindu, larunbata!' egitasmoaren baitan, hainbat ikastaro antolatu dira kiroldegian, larunbatetan. Horrez gain, asteazkenero ere gimnasioko saio monografikoak izango dira.

Maiatzari gogotsu heldu diote kiroldegian. Hain justu ere, makina bat egiteko antolatu dituzte maiatzean egiteko. Batetik, Astindu, larunbata! egitasmoaren baitan, zortzi ikastaro eskainiko dituzte larunbatetan. Atzo ekin zioten lehenengo saioei, eta pilatesa zein Jarri martxan! +65 ekintzak izan ziren aukeragai. Bestetik, asteazkenero, gimnasioko saio monografikoak izango dira. Lehenengoa aste honetan egin zuten, eta hiit entrenamenduan aritu ziren.

Izena eman behar da

Saioetan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Larunbatetako ikastaroei dagokienez, kiroldegiko bazkideek dohainik egin ahal izango dituzte eta bazkide ez direnek, berriz, sarrera ordaindu beharko dute. Izena emateko: 943 55 21 85 edo online, kirola.hernani.eus. Bestalde, gimnasioko saio monografikoetan bi saio izango dira asteazkenero. Goizekoetarako ez da beharrezkoa aurretik izena ematea; arratsaldekoetarako, aldiz, aurretik hitzordua hartu behar da.


Aukera zabala, adin tarte guztientzat

Aukera zabala eskaini dute kiroldegiko ikastaroekin. Larunbatetan, 50 minutuko saioak eskainiko dituzte, euskeraz. Zehazki, bi saio izango dira: lehena, 10:00etatik 10:50etara eta bigarrena, 11:00etatik 11:50etara.  Hilaren 15ean, body combat eta ziklo indoorra izango dira, hurrenkera horretan. Hilaren 22an, korea eta luzaketak lehenengo orduan, eta pilatesa bigarrenean. Eta, azkenik, maiatzaren 29an, body pumb lehenengo eta Hernanin barrena ekintza, ondoren. Egun berean bi saio egingo diren arren, norberaren esku dago ikastaro batean edo bietan izena ematea.

Asteazkenetan ere bi saio egingo dira, 08:15etan eta 18:00etan. Kasu honetan, berriz, bi ordutegietan dinamika berak landuko dira. Hauxe da egutegia: hilaren 12an, ariketa kardiobaskularra lantzeko makinak; hilaren 19an, bizkarra lantzeko saioa; maiatzaren 26an, korea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!