Sindy Santiago, txapeldun eta bigarren

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00
Sindy Santiago taldekide batekin eta dominekin, Gasteizen.

10.000 metrotan urrea lortu du Euskadiko masterretan 70 urteko mailan eta Gipuzkoakoan zilarra 5.000 metrotan.

Pasa den maiatzaren 1ean Sindy Santiago hernaniarrak bi domina lortu zituen Gasteizen jokatu ziren  Euskadiko eta Gipuzkoako Irristaketa Zirkuituku Txapelketetan bi distantziatan. Euskadikoan urrea lortu zuen 10.000 metrotan 70 urtetik gorako mailan. 5.000 metrotan eta 60 urtetik gorako mailan zilarrezkoa eskuratu zuen Gipuzkoako Txapelketan.

Sindy Santiagok 74 urte ditu, aurten beteko ditu 75, eta orain 9 urte hasi zen irristaketan. Urrez josita irteten da Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketatik, baina oraingoan bera baino gazteagoa den lehiakide batek gainditu zuen 5.000ko proban.

Hala ere gustora amaitu zuen. Gipuzkoan ez dago pistarik eta Gasteizen antolatu behar izan da Gipuzkoakoa. «Donostian entrenatzen dut 20 kilometro inguru Ruta Gansa taldean. Igaratik, Haizearen Orraziria, hortik badian zehar Portura, Paseo Berritik Zurriolara eta berriz Igarara Amara zeharkatuz». Bere kabuz ere egiten ditu saioak Tolosa eta Legorreta arteko bidegorrian. «Jendea animatu nahi dut kirol hau egitera. Gozatu egiten da».­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!