Pauldarraken aurka jokatuko du Hernanik bihar Barakaldon

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00

Preferente mailan Mundarrok Usurbilen jokatuko du gaur 15:30etan eta Hernanik Zubipen Beasain hartuko du gaur 17:00etan.

Euskal Liga amaierara iristen ari da eta bihar denboraldiko 19garren partidua jokatuko dute Hernaniko neskek. Bizkaiara bidaiatuko dute, 17:00etan, Pauldarrak taldearen aurka. Barakaldokoa da taldea eta bigarren daude sailkapenean 22 punturekin 19 partiduetan. Hernani da hain justu hirugarren sailkatua  partidu bat gutxiagorekin eta 20 punturekin. Beraz aurkari zuzenak dira eta partidu lehiatua espero da. Parekotasun haundia dago jaitsiera ekiditeko borrokan. Sestao River eta Barakaldo kenduta, beste talde denak puntu antzekoak dituzte.

Preferente edo Gorengo mailan Astigarragako Mundarro taldeak Usurbilen du partidua,  Haranen. 15:30etan hasiko da eta puntuak garrantzitsuak dira. Usurbil bigarrena da multzoko sailkapenean 11 punturekin eta astigartarrek 10 puntu dituzte. Pasa den astean Zumaiakok Zarkumendegin garaipena lortu zuen eta moreek buelta eman nahi diote azken emaitza horri eta horretarako hiru puntuak lortzea da hoberena.

Beste multzoan Hernani  eta Beasain neurtuko dira gaur, Zubipen, 17:00etan. Beasain da multzoko liderra eta partidu gogorra espero da. Hernani hirugarrena da eta garaipena lortuz gero beasaindarra gaindituko lukete.

 

Jubenil Nazionalak, atsedena

Aste honetan Hernaniko jubenilen lehenengo taldeak ez du partidurik izango eta atsedena hartuko dute. Lehenengo fasea amaitu dute eta orain bigarren fasearen zain daude.

Beste multzoko azkenengo lau taldeak elkartuko dira multzo berri batean jaitsiera saihesteko bidean. Hernanik hamar punturekin amaitu du aurreneko fase hori eta helburu nagusia bigarren fasean azkenengo postuetatik irtetea izango da. Datorren astean hasiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!