«Ekonomikoki txikituta gaude»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00

Joxe Kurutz Elosegi lehendakaria Landareko elkartean.

Joxe Kurutz Elosegik lehendakari postua hartu zuen urrian urte zail honetan. «Diru sarrerak joan zaizkigu pandemian eta denboraldia oso konplikatua izan da».

Joxe Kurutz Elosegi urrian izendatu zuten Hernani errugbi elkarteko lehendakari berri, Juan Rodríguez ordezkatu zuen eta pandemiaren erdian kargua hartzea ez da erraza izan. Gainera lehenengo taldea Ohorezko B mailara jaitsi zuten «oraindik bost partidu geratzen zirenean jokatzeko eta matematikoki ez geundenean jaitsita. Kasu bakarra izan da».

Ohorezko B mailara bueltan finalerdietara sailkatu dira, baina igotzeko helburua ez da bete. Denboraldia amaitu dute eta orain atseden garaia da lehenengo taldeko seniorrentzat «Txapelketa motzagoa izan da, baina intentsitate haundikoa». Les Abellesen aurkako bigarren aukerako partidua kontuan hartuta hogei partidu jokatu ditu Hernanik. Ohorezko Mailan 22 jokatzen zituen. «Ia astebururo jokatu dugu eta ez genuen espero, baina konpetizoa nahiko ongi joan da. Partidu bakarra atzeratu zen, hasieran, eta klubean ez dugu kutsatzerik izan. Kutsaturen bat egon bada, kanpoan kutsatu da».

«Jokalarien konpromezua izugarria izan da. Ekainaren 20tik hamar hilabetetik gora jarraian gelditu gabe entrenatu dute, entrenamenduen jarduera oso ondo joan da etenaldirik gabe»

Alde horretatik ongi, baina kirol ikuspegitik igotzeko helburu nagusia ez da bete. «Irabazteko partidua izan zen La Vilakoa. Hiru akats larrik zigortu ziguten eta hori aurkariak ez du barkatzen. Bigarren faseko defentsa oso zaila da, nahiz eta gure jokoa egin genuen. Atzetik zailagoa da. Jokalariak triste zeuden kontuan izan da denboraldia oso konplikatua izan dela».

Ikuslerik gabe, elkartea eta kantina itxita, Garagardo Azokarik gabe... diru sarrerak asko murriztu dira klubean. «Ekonomikoki txikituta gaude. Denboraldi osoan prestatzaile fisikorik gabe egon gara faboreak eskatzen eta hala ere uste dut taldeak fisikoki ongi eutsi diola. Ez geneukan fisiorik, bakoitza bere kabuz errekuperatzen zen. Entrenamenduen jarduera berriz oso ondo joan da. Ekainaren 20an hasi ginen entrenatzen eta jarraian orain arte aritu gara gelditu gabe. Jokalarien konpromezua ikaragarria izan da, gehiago ezin da eskatu».

«La Vilaren partidua irabaztekoa izan zen, baina hiru akats larri egin genituen eta aurkariak ez du barkatzen. Jokalariak triste zeuden baina etorkizunari begira baikor egon gaitezke, gazteak sartu dira» 

Balantzea egiterako garaian Elosegik uste du txapelketa irabazteko aukerak ere izan dituztela. «Gernikan partidu oso ona egin genuen, aukerak izan ditugu. Denboraldia onuragarria izan da sartu direlako taldean gazteak. Ohorezko B mailan oso ongi txertatu dira eta maila oso ona eman dute. Taldea gaztetu egin da eta oraintxe blokea mantenduz gero ibilbide ona izan dezakegu. Helburua ez da orain igotzea, baizik eta lortzen dugunean, iritsi behar duenean. Bi-hiru urtetan talde oso sendoa eduki dezakegu, baina badakigu ez dela erraza izaten blokea mantentzea lanagatik edo ikasketengatik».

«Bi-hiru urtetan talde sendoa izan dezakegu eta bigarren maila berri bat sortu nahi da»

Denboraldi hasieran erraz irabazi zituzten partidu asko eta gero etorri ziren lehia estuagoak. «Talde ahulenak hasieran izan genituen egutegian eta ondoren talde sendoagoak etorri ziren. Hasierako jipoi horiek ez dira onak ez guretzat eta ez aurkariarentzat. Horregatik, Espainiako Federazioaren batzarrera talde batzuk eramango dugu proposamena Ohorezko B maila berregituratzeko. Multzo bakoitzeko lau talde eta besteen artean desberdintasun haundia dago eta horiekin egin daiteke Bigarren maila bat Ohorezkoaren berdina. Ea proposamena irteten den zaila izan arren eta datorren denboraldian posible ez bada, 2022an hasten den».

«Proiektu berri bat idatzi dugu eta bertan helburuak lau urtera begira talde semiprofesionala izatea seniorretan eta errugbi akademia 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat sortzea dira. Zaila da lortzea»

«Ez gaude zuloarekin, baina bi hilabete geratzen dira»

Klubaren kudeaketa aldetik lanak gehitu zaizkio Elosegi lehendakari postua hartu duenetik. «Martxan jarri arte kosta zen, orain aurrera goaz eta proiektu berria idatzita daukagu lau urtera begira. Asmoa da lortzea talde semiprofesionala seniorretan eta COVIdagatik atzeratua geratu den akademia martxan jartzea datorren urtean 16 eta 18 urteko jokalariekin. Hau dena aurrera eramateko zailena geratzen da, babes ekonomikoa lortzea. Gastuak zerbait gutxiago izan ditugu eta sarrerak askoz ere gutxiago. Momentuz ez gaude zuloarekin, baina oraindik falta dira bi hilabete eta hemen gastu fijoak daude».­  

 



 

 

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!