«Partidu bakoitza final bat izango da eta Elgoibarren emaitza ona lortu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 8a, 00:00
Edu Carrera eta Manex Iradi, elkarrekin Tilosetan.

Hernanik gaur hasiko du, 16:30etan, Mintxetan igoera faseko final laurdenetako kanporaketa Elgoibarren aurka eta Manex Iradi aurrelariak eta Edu Carrera entrenatzaileen laguntzaileak denboraldia eta taldearen egoera aztertu dute.

C.D. Hernaniko Ohorezko Erregional taldeak gaur, 16:30etan, Mintxetan jokatuko du Elgoibarren igoera faseko lehenengo kanporaketaren joaneko partidua. Lehenengo fasea bigarren amaitu du Hernanik bere multzoan eta beste multzoko hirugarrenaren aurka, Elgoibarrren kontra, jokatzea egokitu zaio. Taldea emaitza on bat lortzen saiatuko da, datorren astean Zubipen finalerdietara pasatzeko asmoz.

Kronika taldeko goleatzaile nagusienetakoa den Manex Iradi eta entrenatzaileen laguntzailea den Edu Carrerarekin bildu da. «Gure psikologoa da» aitortzen du Iradik, Edu Carrerari buruz hitz egiterakoan.

Lehenengo aldia da kanporaketen bidez erabakitzen dela igoera fasea. Edu Carrerak kanporaketak nola izango diren argitzen du. «Final laurdenetan joan-etorriko kanporaketa dugu Elgoibarren aurka, hori pasatzen duenak finalerdian Eibar edo Zarautz izango du aurkari, hori ere joan-etorriko kanporaketan. Finalera pasatzen diren bi taldeak igoera jokatuko dute partidu bakarrera zelai neutral batean».

Bai Edu Carrerak eta bai Manex Iradik taldeak igotzeko aukera duela dio, baina «bidea zaila da» diote. Iradi zuhurtziaz mintzo da. «Hasieran Elgoibar gainditu behar dugu eta badakigu talde lehiakorra eta gogorra dela. Defentsan indartsuak dira eta beti da zaila elgoibartarrak gainditzea».

Carrerak berriz Hernani faboritoa dela dio. «Kanporaketak gure aldekoa beharko luke eta gero bai finalerdietan Eibar aurkari zailagoa izango litzateke. Eibar, Beti Gazte eta gu gara igotzeko hautagai nagusiak edo faborito. Eibarrek Hirugarren mailan Aurrera Vitoria filiala du eta hauek Bigarren B mailara igotzen ez badira ezin dute igo, beraz finalera iristen badira, beste adarretik doan finalista zuzenean igoko da, nahiz eta finala galdu. Guk berriz, Eibar hurrengo kanporaketan aurkituko genuke».

 

«Denboraldia bera jokatzea helburuak betetzea izan da»

Hori bai, taldea lanean ongi, serio eta batez ere ilusioz beteta ikusten dute. «Denboraldia pandemiaren erdian jokatu dela ikusita pozik egotekoa da. Urtarrilean ez genekien jokatuko zenik ere», aipatzen dute.

Aurtengo helburua emaitzetik haratago doala aipatzen du Carrerak. «Pasa den urtean denboraldia bertan behera geratu zen eta aurten jokatzea pizgarria izan da gazteentzako». Hernanik oso talde gaztea baitu. «Beteranoenek ez dituzte 30 urterik, 26 urte dituzte» gogoratzen du Manex Iradi. «Entrenamenduetara orain gutxi arte jokatu duten batzuk etortzen dira laguntzera» dio Iradik eta Carrerak Haritz Lujanbioren izena aipatzen du. «Laguntzen die orain bi urtera arte taldekide izan zituenei». Lehenengo helburua eta nagusia bete dute. «Final laurdenetan sartzea zen nahi genuena. Orain espero dugu igotzea eta horretarako talde sendoa daukagu».

Taldeak maila ona erakutsi du denboraldian zehar. Beti Gazteren aurka galdu zuten. «Beste taldeek Lesakan jipioiak jaso zituzten eta guk lehiatu genuen. Gainera Nafarroan ikusleek aukera dute zelaira joateko eta beteta zegoen zelaia» nabarmentzen du Carrerak. «Eta nabaritzen da» azpimarratzen du Iradik. «Etxean irabazi beharreko bi partidu berdindu genituen» gaineratzen du, baina «orokorrean maila ona eman dugu. Ea orain zaleak baimena duten Zubipera hurbiltzeko. Zaleak gogoarekin daude».

Carreraren lana ere laguntzaile izatea da. «Harigunea naiz jokalari eta entrenatzaileen artean. Unai Munduate eta Imanol Mitxelena dira lehenengo eta bigarren entrenatzaileak. Entrenatzaileen lana ez da atsegina izaten. Esaterako jokalari bat deialditik kanpo geratzean edo zergatik ez duen jokatu ulertarazten laguntzen dut. Bitartekari lana egiten dut eta jokalariak animatzen ditut. Gomendioak ematen dizkiet lasaitzeko eta gauzak argiago ikusteko».

  «Gure psikologoa dela esaten dugu» dio Manex Iradik.Aurten hirugarren urtea ari da osatzen klubean. «Unai Munduaterekin, elkarrekin, jubeniletan berarekin hasteko eskatu zidan eta pasa den denboraldian talde nagusia hartu zuenean, elkartu nintzen Ohorezko Erregional taldera. Oso gustora nago».

 

«Ilusio eta gogo haundiarekin gaude kanporaketari begira»

Maila altuko jokalariak direla aipatzen du Carrerak. «Oso azkar jokatzen dute eta futbola gero eta azkarragaoa da».

Jokalari azkar horietako bat da Manex Iradi hernaniarra eta orain play-offean erakutsi beharko dute maila hori. Bederatzi partidutan bost gol sartu ditu, baina denboraldiko partidurik erabakiorrenak hurrengo biak dira. «Bi partidu dira eta Elgoibarren emaitza ona ateratzen ez badugu zaila izango da gainditzea eta gu bezala talde gaztea da. Partidu bakoitza final bat bezala izango da».

Hernani atzean talde sendoa omen da eta posesioa izatea gustatzen zaio. «Estrategia jokaldietan ez gara indartsuak baina jabetzarekin min haundia egiten dugu abiadurarekin».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!