Ikastaroak bereziak kiroldegian, maiatzeko asteazken eta larunbatetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 6a, 17:19

Pilatesa eta Jarri martxan! +65 izango dira aukeran etzi. Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, telefonoz edo internet bidez: bazkideek doan, eta gainerakoek sarrera ordainduta.

Bi ekimen berezi jarri ditu martxan Hernaniko kirolegiak, maiatzerako; eta horien bitartez, ikastaro bereziak izango dira aukeran, hilabete honetako asteazken eta larunbatetan.

Horrela, batetik, Astindu larunbata! egitasmoa prestatu du, eta larunbatero, aukeran izango dira bi ikastaro. Etzi izango dira aurrenekoak: pilatesa aurrena, 10:00etatik 10:50etara; eta Jarri martxan! +65  ondoren, 11:00etatik 11:50etara. Ordutegi berbera izango dute ikastaroek, hurrengo larunbatetan ere. Horrela, maiatzaren 15ean eskainiko dituzte body combat eta ziklo indoor; hilaren 22an korea eta luzaketak aurrena, eta pilatesa ondoren; eta maiatzaren 29an, body pumb eta Hernanin barrena.

Guztietarako, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea: 943 55 21 85 telefonora deituta, edo internet bidez, web.hernani.eus/entra2/ventas.aspx webgunean. Ikastaro guztiak doakoak dira kiroldegiko bazkideentzat, baina sarrera ordaindu beharko dute gainerakoek.


Gimnasioko monografikoak, asteazkenetan

Eta bigarren egitasmoa, asteazkenetan egingo dena, gimnasioko saio monografikoei dagokie. Joan den asteazkenean egin zuten aurrenekoa, HIIT entrenamendua; eta datozen hiru asteazkenetan ere izango da aukera. Hilaren 12an, ariketa kardiobaskularra lantzeko makinekin ariko dira, bi txandatan: goizeko 08:15etan, eta arratsaldeko 18:00etan. Ordutegi berean izango dira saioak, hilaren 19an ere: bizkarra lantzeko saioak egingo dituzte egun horretan. Eta azkenik, maiatzaren 26an, korea landuko dute, hori ere 08:15etan eta 18:00etan.

Nahi duten guztiek parte hartu dezakete. Goizean, nahikoa izango da bertara azaltzea, eta aforoa bete arte onartuko dituzte partehartzaileak. Arratsaldeko saioetan, berriz, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!