Laringeko minbiziaren arrazoia, amiantoarekin kontaktuan egotea

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 00:00

Gipuzkoako Gizarte Segurantzak onartu du laringeko minbiziaren arrazoia dela Orbegozon amiantoarekin kontaktuan egotea, eta ezintasun iraunkor absolutua aitortu diote langile bati.

Asviamie-k argitaratutako azken datuen arabera, Gipuzkoako Gizarte Segurantzak adierazi du Hernaniko Orbegozo-Acenor enpresan lan egindako 72 urteko pentsionistak laringeko minbizia duela, 1977 eta 1988 urteen artean, amiantoarekin kontaktuan egon zelako. Enpresa horretatik ez ezik, beste hainbatetan lanean ere aritu zela esan dute: besteak beste, Montajes Nervión, Talleres Uriarte, Taymo, eta abar. Diotenez, kalderero lanetan ari zela, beste lantoki horietan ere harremanetan egon zen produktu kantzerigenoekin.

 

Osalan-en zerrendan, orain

72 urteko pentsionistari ezintasun iraunkor absolutua aitortu diote. Asviamieko kideen arabera, «gaixotasunaren jatorria aldatzea eta pentsioa nabarmen hobetzea, amiantoarekin kontaktuan egon zela eta bere lanean amiantoa manipulatu zuela frogatzearen emaitza da».  Horrez gain, langile ohia 2020ko urtarrilean Osalan-en zerrendan sartzea lortu zutela aipatu dute; «horrexegatik ere aitortu diote ezintasuna». Zehazte aldera, Osalanen zerrenda da amiantoarekin kontaktuan egon diren langileen zerrenda.

Horrekin batera, Osakidetzako esku hartze eza salatu du Asviamiek. Izan ere, diote, M.B.V.-ri neumopatia interstizial fibrosatzailea diagnostikatu ziotenean, osasun langileek ez zutela horren berri eman. Edonola ere, azaldu dutenez, Orbegozo-Acenorreko langile ohiak Asviamiera jo zuen eta Osalaneko zerrendan sartzea lortu zuten. Hori horrela, Gizarte Segurantzako Institu  Nazionalean kasua hainbat aldiz aurkeztu ostean, onartu zuten ezintasun absolutuaren jatorria kontingentzia profesionala dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!