Santa Barbarara, '650 tontor' egitasmoaren baitan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 5a, 00:00

Izan Bidea dinamikak antolatuta, larunbatean 650 tontor igoko dituzte Euskal Herri osoan. Hernanin Santa Barbara da aukera.

Izan Bidea dinamikaren baitan, joan den urteko urriaren 3an, milaka herritarrekin batera Euskal Herriko 650 tontor  igotzera deitu zuen Sarek, «preso eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitza eta bakearen alde». Hala ere, egungo osasun egoera dela eta, atzeratu egin behar izan zuten egitasmoa. Orain, zazpi hilabeteren ondoren, maiatzaren 8rako zehaztu dute data berria. Hernanin aukera bakarra izango da, Santa Barbara. Adarra igotzeko asmoa zegoen, baina Urnietara, Besabira ezin da kotxez igo. Santa Barbararako, berriz, 10:00etan, Txantxillan geratu dira. 

Aipatu moduan, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde egingo dute; «azken hilabeteotan euskal preso politikoen hainbat lekualdatze egin ditu Espainiako gobernuak, gehienak Euskal Herrira gerturatuz eta gutxi batzuk bertara ekarriz. Astero-astero iragartzen dute kopuru txiki baten mugimendua, eta senideentzat bereziki erabaki aringarria bada ere, inondik inora ez da betetzen urte luzeetan euskal jendartea eskatzen ari den eraldaketa kartzelen sisteman. Tantaka burutzen diren iragarpen horien bidez, gainera, presoen auzian benetako konpromisoa duelako irudia eman dezake gobernuak zenbaitentzat, baina egoerari benetako konponbidea emateko, gaur arte ez du inolako borondaterik erakutsi».

Aurrekoaren harira, hainbat adibide zehaztu dituzte: «besteren artean, gaixo larriak ez ditu behar bezala artatuak izateko kaleratu, osasunerako duten eskubidea ukatuz; presoen %32 inguru lehenengo graduan dago oraindik; adinekoak ez ditu kaleratu -gogoratu behar da dagoeneko presoen artean badirela 70 urtetik gorakoak-; legez eman daitezkeen kaleratze-baimenak ukatu egiten ditu gehienetan; eta Madriletik behera edota ehunka kilometrotara 43 preso daude oraindik mugitu edota Euskal Herriratu gabe».

Horrez gain, Covid-19ak presoen egoera okertu duela adierazi dute. «Batzuk kutsatu egin dira bertako arduradunen aldetik neurri egokiak ez hartzearen ondorioz, eta guztiei eguneroko bizi-baldintzak nabarmen okertu zaizkie; izan ere, bisitarik gabe geratu dira aste edo hilabete luzeetan, vis a visak toki gehienetan eten egin dira, arau zorrotzagoak aplikatu zaizkie egunerokoan, agindutako mugimendu batzuk askotan eten behar izan dira, eta abar». Horregatik guztiagatik, helarazi dute «ezinbestekoa» dela babes-neurriak «lehenbailehen» hartzea.

 

Hernaniko presoen egoera

Preso hernaniarrei dagokienez, hainbat datu mahaigaineratu dituzte. «Aipatzekoak dira azken hilabeteotan egindako lekualdatzeak, baina, kontuan hartu beharrekoa da oraindik ez daudela guzti-guztiak guk nahi bezain hurbil. Guztira 14 preso ditugu herrian, gehienak sakabanatuta, eta horietako batzuk oraindik kartzela batetik bestera mugitzeko zain daude. Batzuk 400-600 km artean, eta bat larriki gaixorik. Guztiek, legearen arabera, kaleratze-baimenak izan ditzakete, baina aukera hori oso kasu bakanetan soilik baliatzen du Espainiako gobernuak».

 

Santa Barbara igoera, hernaniarrek

Aurrez aipatu moduan, Hernanin aukera bakarra izango da, Santa Barbarara igotzeko 10:00etan Txantxillan geratu dira. Igoko diren tontor guztietan, xedea da «guztiak saretu eta presoak etxeratzeko aldarria Euskal Herriko bazter guztietara eramatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!