Iberpapelek 48,5 milioiko fakturazioa, lehenengo hiruhilekoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 00:00

Joan den urteko datuekin alderatuta, %2,9ko jaitsiera izan du; baina eboluzioa, oro har, «positiboa» izan da.

Iberpapelek argitaratutako azken datuen arabera, Covid-19ak enpresan eragina izan badu ere, eboluzioa «positiboa» izan dela helarazi dute. Aurtengo lehenengo hiruhilekoan, 48,47 milioi fakturatu ditu, eta joan den urteko datuekin alderatuta, %2,9ko jaitsiera izan du. Izan ere, 2020ko lehenengo hiruhilekoan, 49,21 milioi fakturatu zituen.

Horrez gain, 2021eko lehenengo hiruhilekoan, taldeak 2,33 milioi euroko irabazi garbia lortu du, joan den urtean baino %29,8 gutxiago. Bere aldetik, irabaziak -interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik- 5,80 milioi eurokoak izan dira.

Horrekin batera, zifrak onak direla ondorioztatu dute Iberpapelekoek. «Pandemiaren  azken olatuak ere eragin zuzena izan du enpresan, egoera ekonomikoa okertu egin delako. Dena den, eboluzioa positiboa izan da». Hain justu, hauxe zehaztu dute: «nabarmentzekoa da saldutako unitate fisikoetan izandako hazkundea, prezioen errekuperazio-sintomak ikusten hasi baitira, nahiz eta paperaren batez besteko prezioaren murrizketaren ondorioz fakturazioa igo ez den».

 

Egurraren salmenta, bikoiztu

Bestalde, ekoizpen txikiagoaren ondorioz, energiaren negozioa %4 jaitsi zen. Egurraren salmenta, berriz, bikoiztu egin zen, eta milioi bateko irabaziak lortu zituen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!