Ertza konpainiaren 'Zehar' musika emanaldia izango da etzi, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 00:00

Kronikak bi sarrera bikoitz zozketatu ditu eta hauexek izan dira irabazleak: Lurdes Iraola Mendizabal eta Xabier Intxauspe Ugalde.

Maiatza ezin hobe hasteko, etzi, Ertza konpainiak Zehar musika emanaldia eskainiko du Biterin.  Arratsaldeko 19:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude 7,5 euroan Biteriko leihatilan eta online (kultura.hernani.eus). Horrekin batera, Kronikak bi sarrera bikoitz zozketatu ditu Kronikalarien eta bazkideen artean; hauexek izan dira irabazleak: Lurdes Iraola Mendizabal eta Xabier Intxauspe Ugalde.

Hainbat estilo eta dinamika uztartuko dituzte ikuskizunean, eta beraz, berezia izatea espero da. Hain justu, zuzeneko musika, bideoa, antzerkia eta dantza garaikidea egongo dira ikusgai ostegunean. Asier Zabaleta dantzaria eta Iñaki Sastre musikaria izango dira protagonistak; eta itxura, emozio, bizipen eta ikasgaietan barrera bidaia bat egiteko aukera emango diete bertaratzen diren ikusle guztiei.

 

Dantza saioa, larunbatean

Bestalde, Asier Zabaletak dantza tailerra eskainiko du larunbatean. Biterin izango da, goizeko 11:00etatik 12:30etara bitartean. Adin eta maila ezberdineko herritarrentzat dago zuzenduta. Era berean, saioak 8 euroko kostua du  eta zabalik dago izena emateko epea: dagaz@dantzaz.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!