Odol ematea bihar, eta domina banaketa laster

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 00:00

Maiatzaren 29an egingo diete errekonozimendua, Biteri kultur etxean, odol emate kopuru borobila egin dutenei.

Hileko aurreneko asteartea izanik, bihar dute odola emateko aukera hernaniarrek. Ohi bezala, Goiz Eguzkin izango da, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara, eta hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik, bihar goizean telefonoz deituta: 943 00 78 84.

Baina hori ez da izango odol emaileen hitzordu bakarra, ma­iatzean. Izan ere, dominak eta diplomak banatzeko ekitaldia antolatu dute hilaren 29an, Biteri kultur etxean, 12:00etan.

Urtero egiten diete errekonozimendua, odol emate kopuru borobiletara iritsi direnei (25, 50, 60, 75 edota 80). Bazkari baten bueltan egin ohi dute, Urnietako Oianume jatetxean; baina pandemia tarteko, iaz ez zuten halakorik egin. Eta aurten, bazkaria egiterik ez daukaten arren, ekitaldia antolatu nahi izan dute, iaz errekonozimendu hori jaso behar zuten 14 hernaniarrei eta urnietar bati dominak eta diplomak banatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!