«Arazo larria da, egungo soldatekin etxebizitza alokatzeko zailtasuna»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 00:00

Aurreko asteko Plenoan, mozioa aurkeztu zuen Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak, alokairuen prezioen gehiegikerien inguruan.

Alokairuen prezioen gehiegikeriak jarri zituen mahai gainean Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak, aurreko astearteko Plenoan, mozio baten bitartez. EH Bilduren botoekin batera, onartu egin zen mozioa, baina kontra bozkatu zuten EAJ-P­NVk eta PSE-EEk. Eta horren harira, balorazioa egin du Elkarrekin Podemosek: «1947ko lege frankistak sortutako egoeretara eta Madril eta Bartzelonaren 1944ko egoerara eraman zituzten beraien argudioak, kontrako botoa emateko. Eta gure ustez, ezin da iraganeko argudiorik erabili, egungo arazoak konpontzeko. Egungo soldatekin, alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna arazo larria da».

Azaldu dute, Plenoan aipatu zirela Berlinen edo Parisen alokairuak kontrolatzeko hartutako neurrien ondorio negatiboak, «Herberehetan ematen ari di­ren emaitza onak alde batera utzita. Han, talde ultraeskuindarrak dira alokairuen prezioak arautzeari uko egiten dieten bakarrak. Europa osoan ari dira egiten prezioak kontrolatzeko politikak, baina bi zerrendaren buru da Estatu espainairra: biztanleek alokairua ordaintzeko errentaren zati haundiena (%66) bideratu behar duten herrialdeena; eta alokairuaren burbuila zu­latzeko gutxien egin dutenena».

Ja­betza pribatuaren eskubideei bu­ruzko argudioak ere izan ziren Plenoan: «baina Kaxkoan etxebizitza kaxkar batengatik hilean 800 euro kobratzea askatasuna da ala gehiegikeria?».

Eta nabarmendu du, prezio­ak arautzea bezain garrantzitsua dela «neurri fiskalak hartzea, etxebizitza publikoetan inbertitzea, edo etxebizitza hutsak mobilizatzea. Hernani Bizigune pro­graman sartuta dago: etxe hutsen jabeek Jaurlaritzaren esku uzten dute kudeaketa, berak egin ditzan konponketak, mantentze lanak, eta prezioak ezarri, alokairu sozialera bideratuta. Ez dugu ulertzen, 2014tik Hernanin 31 jabe bakarrik konbentzitu izana, Gaindegiaren ara­­bera 732 etxebizitza huts daudenean. Horretarako borondatea be­har da. Udal eskumena da, eta serio jarri behar dugu, jabeekin banan-banan hitz eginda; eta ho­rretarako pertsona bat kontra­tatu behar bada, hala beharko du».

Orain Hernanik aipatu du, era berean, zuzkidura-bizitoki  ba­tekin arazoa dagoela Hernanin: «bost urterako alokairuak dira, 35 urtetik beherakoentzat. Jaur­laritzak ez zuen bete bigarren irizpidea, eta gizarte-bazterketa arriskuan zeuden adinekoei eman zien. Bost urte igaro dira, pandemia betean gaude, eta orain bertatik bota nahi dituzte. Aurreneko irizpidea aldatzeko asmorik ez badago, ez genieke adinekoei horrelako etxebizitzarik eskaini behar, oso zaila baita haien egoera aldatzea».

Eta nabarmendu du, politika horiek ez dutela irtenbiderik ematen: «orain, pertsona askok patera pisuetan konfinatuta bizi behar izan dute. Zer beldur dago etxebizitza politiken eredua aldatzeko? %100 alokairu sozialeko etxebizitza publiko gehiago behar ditugu. Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!