Ekaineko uretako jardueretan, izenematea gaurtik zabalik

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 00:00

Hernaniko gazte bat, kiroldegiko igerilekuan. Bertan izango dira ikastaroak.

5 eta 16 bitarteko haur eta gazteentzat, ikastaroak prestatu ditu kiroldegiak, ekainaren 1etik 22ra.

Ekainean ere, uretako jarduerak izango dira Hernaniko kiroldegian, haur eta gazteentzat. Arratsaldeetan eskolarik ez dutela eta, eskaintza berezia prestatu du­te, eta bost taldetan banatuta, 5 eta 16 urte bitartekoentzat ikastaroak antolatu dituzte, ekainaren 1etik 22ra.

Eta horietan izena emateko, gaur zabalduko dute epea: internet bidez egin daiteke, web.hernani.eus/kirola webgunean; edo bulegoan bestela, aldez aurretik hitzordua hartuta telefonoz (943 55 21 85). Maiatzaren 17ra arte dago aukera.

5 urtekoen eta 6 urtekoen taldeek, egunero izango dituzte saioak, arratsaldeko 15:00etatik 15:45etara. 7-8 urtekoek, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dute ikastaroa, 15:10etatik 16:00etara. 9-12 urtekoen taldea astearte eta ostegunetan elkartuko da, 15:10etatik 16:00etara. Eta 13-16 urtekoenak, azkenik, astelehen, asteazken eta ostiraletan izango du ikastaroa, 16:00etatik 16:50etara.

Plazak baino jende gehiago apuntatuz gero, maiatzaren 18an egingo dute zozketa, goizeko 08:00etan; eta egun horretan bertan argitaratuko dituzte zerrendak, eguerdiko 14:00etan.

Aldiz, ikastaroa emateko be­har adina jende ez balego, talde­ak elkartu egingo lituzkete: 5 eta 6 urtekoek elkarrekin egingo lukete ikastaroa, eta baita 7-8 eta 9-12 urtekoek ere.

Adinaren eta saio kopuruaren araberakoa da prezioa, eta kiroldegiko bazkideek deskontua izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!