Villajoyosan bukatu da trikoloreen ametsa: aurten ez dira bueltatuko Ohorezko Mailara

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 2a, 17:03
Hernaniren saiakera gehienak gelditu ditu La Vilak. Argazkia: Hernani CRE

23-12 galdu du Hernanik gaur eguerdian, La Vilaren kontra, igoera faseko semifinala. Aurreneko zati gogorrean, bere aukerei eutsi diete trikoloreek, baina bigarrenean hautsi egin da partidua, eta valentziarrak izan dira nagusi.

Ez da azken orduko milagrorik izan gaurkoan, eta ezta markagailuari buelta emateko aukerarik ere, trikoloreen ametsa bizirik mantentzeko: ez dira aurten bueltatuko Ohorezko Mailara, La Vilaren kontra galdu baitute, Villajoyosan (23-12).

Hasieratik erakutsi du La Vilak, bere jokoaren abiadurarekin min egingo ziola Hernaniri. Baina puntuak pilatzeko aukerak izan dituzte trikoloreek ere, aurreneko minutuetan; bereziki 10garrenean Beñat Arizetak huts egin duen zigor kolpe batekin.

Talde valentziarra izan da, ordea, markagailuan aurrea hartu duena, 19garrenean entsa­ioa lortuta (5-0). Eta horren ondotik, ez du erantzuten asmatu Hernanik, La Vila izan baita nagusi. Trikoloreen zelaian jokatu dituzte hurrengo minutuak, eta bigarren entsaioa lortu du La Vilak, 25garrenean (10-0).

Asko ari zitzaion kostatzen Hernaniri, zelai erdiko marra gainditzea, paseekin ere ohi baino arazo gehiago izan baitituzte. Baina atsedenaren aurretik, La Vila jokalari bat gutxiagorekin geratu dela aprobetxatuta, saiakera bat bestearen atzetik egin, eta sekulako jokaldia borobildu du Kepa Mijangosek, entsaioa lortu eta aldea murrizteko (10-5). Ezin izan du transformazioa gauzatu, Arizetak.

Emandako kolpea, ordea, bueltan jaso du Hernanik, eta atsedenaldira iritsi aurretik, zigor kolpea gauzatu du La Vilak urrutitik (13-5). Edonola ere, bizi-bizirik iritsi da atsedenaldira, aurreneko zati oso gogorrari ondo eutsita.

Eta bere aukerei eutsi die, bigarren zatiaren hasieran ere. Baina nekea azaltzen hasi da pixkanaka, eta hautsi egin da partidua, hutsune gero eta haundiagoak eraginez. Horrela lortu ditu bi entsaio ia segidan La Vilak, bi korrikaldi luzeri esker (23-5), eta partidua ia erabakita utzi du. Ez du bere ahaleginean etsi Hernanik, baina hutsegiteak eragin ditu nekeak, erasoan ere; eta ezerezean geratu dira bere saiakerak.Partidua bukatzear zela lortu du trikoloreen bigarren entsaioa Eneko Garciak (23-12).

Ametsa bukatu da gaur Hernanirentzat, datorren denboraldira arte; baina azkenera arte borrokatu dute aurtengoa.

Hernaniko jokalariak, El Pantanon, partidua bukatu berritan. Argazkia: Hernani CRE
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!