«Galarretan kokatu nahi duten enpresei trabak jartzen ari da EH Bildu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 2a, 00:00

EAJ-PNVk salatu du, eremuaren garapena bilatu baino, EH Bilduk «interes gehiago» daukala jeltzaleak «desgastatzeko estrategia politikoan».

Galarretako eremuaren garapenaren harira, agerraldia egin du Andoni Amonarraizek, Hernaniko EAJ-PNVren bozeramaileak, EH Bilduren jarrera salatzeko: «egiten duen bakarra da, zarata atera eta trabak jarri Galarretan kokatu nahi duten enpresei».

Amonarraizek nabarmendu du, «asko» aipatu dela azkenaldian, Galarretaren garapena: «alkatea eta hirigintza zinegotzia ere joan ziren Eusko Legebiltzarrera, exijitzera beste erakundeek zerbait egin dezatela, enpresa gehiago kokatu daitezen bertan. Eta egia esan, badirudi ez dela ia ezer gertatu eremu horretan, EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatu duen 10 urte hauetan. Tira, bi merkatal gune bakarrik jarri dira. Sinestarazi nahi digute, beraientzat garrantzi haundia daukala eremu horren garapenak, baina lanari ekin beharrean enpresak bertan kokatzea lortzeko, Eusko Legebiltzarrera joan dira, betikoa saltzera, zeinen txarra den EAJ».

Zentzu horretan, jeltzaleen bozeramaileak azaldu du, «hernaniarrek begiak ireki» dituztela: «Estubegiko kopropietarioa da Udala, eta ez du ezer egin martxan jartzeko; baina bai, ordea, jabe pribatuen partzela batean (GA 06). Zergatik? Loire saiatu zen enpresa haunditzen, Galarreta-Oronan kokatuta, baina EH Bilduk ez zion baimena eman, argudiatuz ez daukala tokirik parke teknologiko batean. Zer dela eta? Eta nola da posible, talde bereko enpresa bat, Loire haunditzeko bideratu nahi zuten diruarekin, Bizkaiako parke teknologikoan kokatu izana, bertan enplegua eta aberastasuna sortuz? Zergatik ez ditu erantzunak azkartzen, Galarreta-Oro­nan kokatu nahi duten enpresentzat? Uste dugu, EH Bilduk interes gehiago daukala EAJ-PNV desgastatzeko estrategia politikoarekin jarraitzeko, Hernaniren alde lan egiteko baino».

«Kezkagarria da, enpresekin lotutako kudeaketa falta»

Hori horrela, EAJ-PNVk adierazi du «kezkagarria» dela «enpresekin lotutako kontu guztien kudeaketa falta. EAJ-PNV balego udal gobernuan, dagoeneko kokatuko ziren enpresak, Galarretako parke teknologikoan; konponbidea emango genion GA 06 eremuko gatazkari; GA 08 eremuko garapena erraztuko genuen; eta Estubegiko kudeaketa sistema aldatu eta eremua garatu. Eta gaur, hernaniar asko izango genituzke etxetik minutu bakarrera lanean, eta enpresa berri asko herrian. Gu harremanetan egon gara Eusko Jaurlaritzarekin eta Esprilurrekin, guztiok elkarrekin egin behar dugulako lan, enpresak Hernanira etor daitezen. Baina enpresek ez dituzte trabak topatzen Jaurlaritzan edo Aldundian, Hernaniko Udalean baizik. EH Bilduren errealitatearekin eta hirigintza saileko saturazioarekin egiten dute talka».

Eta azkenik, EH Bilduk «beste behin» izan duen gardetasun falta salatu du EAJk: «ez zi­guten jakinarazi Legebiltzarre­an agerraldia egingo zutela, eta te­le­ma­tikoki jarraitu genezakeela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!