Ehunka herritarrek bat, mobilizazioekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 2a, 00:00

Jende asko elkartu zen eguerdian, Hernaniko kaleetan, LABek eta Ernaik deitutako manifestazioan.

Maiatzaren Lehena aurten berezia izanagatik ere, jende asko elkartu zen, Hernanin deitutako mobilizazioetan, langileen eskubideak aldarrikatzeko.

Pandemiak ez zuen mobilizaziorik baimendu, iazko Maiatzaren Lehenean; eta aurtengoa ere berezia izan da. Baina hala ere, ehunka herritar elkartu ziren atzo, Hernanin deitutako mobilizazioetan, langileen eskubideak aldarrikatzeko. Eguerdian, Hernanitik ez ezik, eskualdeko gainerako herrietatik ere hurbildu ziren herritarrak, Ernaik eta LABek egindako deialdiari erantzunez; eta euri zaparradek lagundu ez zuten arren, jende kara­bana luzea osatu zuen manifestazioak, Aldaketa da aukera! Zaintza, lana, bizitza, herria! zioen pankartaren atzetik.

Beste horrenbeste gertatu zen arratsaldean, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak deitutako mobilizazioarekin. Ilara luzea osatu zuten, Kaxkoan barrena eta inguruko kaleetan egin zuten manifestazioan, Sozialismoa gaurdanik eraiki lelopean, eta hamaika aldarrikapen oihurekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!