El Pantanon ezustekoa ematea, trikoloreak Ohorezko Mailara bueltatzeko giltza

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 2a, 00:00

La Vilaren kontra jokatuko du Hernanik gaur, eguerdiko 12:00etan; eta irabaziz gero, igoera faseko finala jokatuko du, bi aste barru.

Estu eta larri, azken-azkeneko momentuan, baina animoa erabat indartzen duten garaipen horietako batekin gainditu zuen Hernanik, aurreko asteburuan, igoera faseko aurreneko langa. Eta gaur izango du bigarrena: El Pantano zelaian jokatuko dute trikoloreek, La Vilaren kontra, eguerdiko 12:00etan hasita.

Ez da izango aurrekoa baino xamurragoa, eta ezustekoa bilatu beharko dute hernaniarrek, denboraldi osoan ez baitu partidurik galdu Villajoyosako tal­de­ak. Baina horrek ez die kenduko trikoloreei, garaipena bilatzeko grina, asko baitaukate jokoan: gaurkoa irabaztea izan daiteke Ohorezko Mailara bueltatzeko giltza. Izan ere, garaipena lortzen duen taldeak, igoera faseko finala jokatuko du bi aste barru, beste semifinaleko irabazlearen kontra. Finalean nagusitzen denak, igoera zuzena lortuko du; eta galtzaileak, berriz, Ohorezko Mailan azkenaurrena sailkatu den taldearen kontra jokatuko du, maila gorenean plaza bat eskuratzeko.

Astean zehar, atseden hartu eta lan egiteko aukera izan dute hernaniarrek, eta ostiralean egin zuten Villajoyosara bidaia, taldeko ia jokalari guztiek, gehienak baitaude partidu erabakigarria jokatzeko mo­duan. Bertan entrenatu zuten atzo, eta baita bideo saioak egin ere, gaurko partidua ondo prestatzeko.

Partidua zuzenean, interneten

Ohi bezala, zuzenean ikusi ahal izango dute gaurko partidua, in­terneten, talde trikolorearen ja­rraitzaleek: ferugby.es webgunean emango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!