Aho batez onartu ziren azken Plenoko puntu guztiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Gurasotasun baimena bi gurasoentzat 18 astekoa izango da. Podemosen alokairuaren inguruko mozioan lau puntu onartu dira, bat ez. 

Hernaniko astearteko Plenoan puntu guztiak aho batez onartu ziren eta desadostasun bakarra Podemosek aurkeztu zuen mozioan iritsi zen. Hernaniko Ekarrekin Podemosek euskal erakundeetan etxebizitzen alokairuaren merkatua arautzeko bost puntu aurkeztu zituen.

Bertan, instituzio guztiei eskatzen zaie lankidetzan eta beren eskumenen barruan, prezioak kontrolatzeko lege eta araudi mekanismoak garatzeko, gehiegizko alokairuak galarazteko eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko. Mozioaren bost puntuak banaka bozkatu ziren, EH Bilduk horrela eskatuta. Horrela, lehenengo puntua ez zen onartu, Podemos ez beste beste guztiek aurka bozkatu baitzuten. Puntu horretan Espainiako Gobernuari egiten zitzaion dei eta beste alderdiek ez zuten ulertu Podemos Madrilgo Gobernuan egonda hori eskatzea.  Beste lau puntuetan, EH Bilduk babesa eman zion Podemosi eta onartu egin ziren, PSE-EE eta PNVren aurkako bozkekin. Alderdi jeltzalearen hitzetan, administrazio publikoa ez dago ondasun pribatuen esparruan sartzeko. Eta PSE-EE ez zegoen ados idatziarekin; izan ere, Cresporen ustean, «biak Espainiako Gobernuko kide izanda eta, gainera, bertan eskatzen ziren neurriekin, aurkako efektua lortzen da».

Aho batez onartu ziren zazpi puntu. Hernanin bidaiarien hiri-garraio zerbitzuaren esleipena Mikrobusa Ugarteri egitea onartu zen. Viajes Masabusek nahiz eta puntuaketa haundiago lortu, ez zituen irisgarritasun legea eta potentziari dagozkion beharra betetzen.  
Halaber, Udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratua ISSri luzatzea onartu zen, zerbitzu berria esleitu arte.

Horrez gain, LE.01 Eremuko La Florida HUPko lurzatiaren xehetasun azterlanaren eta Ibaiondo poligonoko 29 zenbakian kokatzen den lursaileko xehetasun azterlanaren behin betiko onarpenak ere babes osoa izan zuten. 


EHE elkarteari laguntza, Korrika atzeratu denez

Aurtengo Korrika atzeratu denez, alderdi guztiek onartu zuten Euskal Herrian Euskaraz entitateari 1.000 euroko laguntza ematearen aldaketa egitea zuzeneko erregimenean.

Bestalde, Zerbitzu Sozialetako administrari langileentzat bigarren hizkuntzaren baldintza onartu zen; eta, horrela, Udalekoekin bateratu zen, orain arte hirugarrena eskatzen baitzen.

Azkenik, langileen lan baldintzei dagokienez, gurasotasun baimenean irizpide progresiboa onartu zen eta 16 astekoa izatetik 18ra pasa da bi gurasoentzako, biak berdinduz. Udalitzeko 53, 54 eta 55 artikuluak aldatu dira horretarako.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!