Pandemiak, oro har, okertu egin du begien osasuna, eta komeni da hainbat aholku jarraitzea

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Gailu elektronikoen erabilera areagotu egin da azken urtean. Hain justu, ordenagailuen eta mugikorren pantailen aurrean ordu asko pasa ditugu. Horren haritik, adituek hainbat argibide zehaztu dituzte.

Egungo osasun egoera dela eta,  orain arte bizi izan ditugun konfinamenduek eta gainerako neurriek eragin zuzena izan dute ikasteko eta laneko ohituretan. Lehen presentzialak ziren lan eta eskola asko, orain telelanak eta klase onlineak dira. Hori horrela, ordu asko pasa ditugu ordenagailuen aurrean, bai gazteek, bai helduek eta baita haurrek ere. Ondorioz, begien osasuna kaltetua izan da, zeren miopia zuten herritarrei dioptriak igo baitzaizkie eta ikusmen arazorik ez zuten hainbat herritarri, berriz, ikusmena okertu baitzaie. 

Hernaniko Biokbi eta Begira optikako langileek hori bera ziurtatu dute. Hain justu, joan den urteko martxotik hona, begien osasunarekin kezkatuta dauden herritarrak bertaratu dira haiengana. Hain justu ere, aipatu dutenez, begien osasuna kaltetzearen eragile nagusiak hauexek dira: «batetik, hurbileko ikusmenaren lan haundiagoa; bestetik, gailu elektronikoen erabilera areagotzea; eta, azkenik, aire librean denbora gutxiago egotea», aipatu du Alejandrak, Biokbiko arduradunak. 

Hori horrela izanik, komeni da begien osasuna aintzat hartzea eta adi egotea; izan ere, miopia zenbat eta lehenago hasi, orduan eta azkarrago eboluzionatzen du. Horrela, bada, adituek gomendatzen dute haurrengan, batez ere, arreta haundia jartzea.       

Edonola ere, ez dago zertan larritu, miopia eta gainerako ikusmen arazoei konponbidea emateko hainbat irtenbide baitaude. Besteak beste, Alejandrak zerrendatu ditu lente oftalmikoak eta desfokatze periferikoko lentillak. 

 

Hainbat aholku, sintomen agerpena saihesteko

Horrekin batera, pantailak dituzten gailu elektronikoen erabilera neurriz gorakoa baldin bada, sintoma hauek izateko arriskua egongo da: buruko mina, begi lehorrak, ikusmenaren nekea, eskola-errendimendua jaistea, isolamendua, eta abar. Beraz, lehenesten da hainbat argibide jarraitzea. 

Horren gainean, Alejandrak azaldu du ezinbestekoa dela, batez ere pantailen aurrean egoten garen kasu horietan, une batez bista altxatzea eta ikusmenaren fijazioa aldatzea. Zehazki, gomendatzen du 20 minuturo bista altxatzea eta sei metro edo gehiagora dagoen zerbait begiratzea. 
Sandrak beste zenbait aholku ere eman ditu, aipatutako sintomen agerpena saihesteko: «pantailaren aurrean ordu gutxiago pasatzea; lantokiko edota ikastokiko iluminazioa eta bentilazioa hobetzea; eta elikadura hobetzea, hala nola, omega 3, fruta, barazkiak jatea; orduak pantailaren aurrean murriztu eta kontrolatu behar dira eta batez ere oso garrantzitsua da begiak deskantsatzea urrutitik begiratuta pantailaz haratago».

Filtroak, gailu elektronikoen argi urdinaz babesteko

Pantailen argi urdinaz babesteko filtroak erabiltzea gomendatzen da. «Argi urdinak saturatu eta estresatzen ditu begiak eta betaurrekoen filtroak babestu egiten du».  

 

 

«Ikasleak garen aldetik, begien osasuna zaintzea ezinbestekoa da»

Ainhoa Galarza eta Maria Isasa Zuzenbide Graduko ikasleak dira EHUn, eta ikusmen arazoak dituztenez, biek erabiltzen dituzte betaurrekoak. Azaldu dutenez,  graduan zehar ikusmen-maila okertu zaie, izan ere, ikasketak direla eta, ordu asko pasatzen dituzte ordenagailuaren aurrean. 

Biek dute miopia eta astigmatismoa, eta aitortu dute pandemiak eragina izan duela beraien ikusmenean. «Joan den urteko martxoan, konfinamendua hasi zenean, unibertsitateko klaseak online ematen hasi ginen. Eskolak ordenagailu bidez jasotzen genituen eta, klaseak amaitzean, begiak oso nekatuta nituela nabaritzen nuen», dio Mariak. Horrez gain, talde lanak egiteko ere mugikorra erabiltzen dutela dio Ainhoak: «Ordenagailuko orduak gutxi ez, eta aurrez aurre egoteko aukera ez dugunez, mugikorrari itsatsita ematen ditut beste hainbeste ordu». 

Edonola ere, betaurrekoak jartzean aipatutako ikusmenaren neke horretan hobekuntza nabaritu dutela diote biek. «Dioptrietarako ohiko graduazioaz gain, pantailek duten argi urdinaz babesteko filtro berezi bat dute nire betaurrekoek», kontatu du Mariak. Ainhoak ere horixe bera dio: «Nire betaurrekoek ere babes moduko hori dute eta ni behintzat lasaiago nago, garrantzitsua iruditzen baitzait ikusmena zaintzea». 

Era berean, ikasleak diren aldetik, atseden hartzea «beharrezkoa» dela diote. «Pantaila aurrean ordu asko pasa behar ditugunez, gomendagarria da begiak teklatutik altxatzea eta bista une batez luzatzea; eta, noski, optikako langileen eta okulisten gomendioak jarraitzea». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!