El Riotik Pantanora, Hernanik ezustekoa eman nahi du bihar La Vilaren aurka finalerdietan La Vila Joiosan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Noriega hernaniarra azken entsaioa ospatzen, El Rion. Argazkia HRCE

Talde hernaniarra berriz ere Mediterraneo aldean ibiliko da bihar, 12:00etatik aurrera, oraindik ere partidurik galdu gabe dagoen taldearen aurka jokatzeko. Garailea finalera pasako da eta promozioa ziurtatuko du.

Hernani Errugbi Taldea El Riotik Pantanora pasako da bihar. Pasa den astean azken unean CAU Valencia gainditu zuen, final laurdenetan, El Rio zelaian eta bihar finalerdian, La Vilaren aurka neurtuko da El Pantano errugbi zelaian.

Erronka are eta haundiagoa  da, La Vila puntu gehien lortu dituen taldea izan baita aurtengo denboraldian Ohorezko B Mailan. Hamasei partidu jokatu zituen aurreneko eta bigarren itzuliaren artean eta denak irabazi zituen, erraz gainera. La Vila Joiosako taldeak final laurdenetan Pasek Belenos gainditu zuen 57-22 eta bihar faborito irtengo dira trikoloreen aurrean.

Hernani motibazioz beterik dago finalerdirako, saria potoloa baita. Garaileak Ohorezko B Mailako finalerako txartela lortuko du eta horrek esan nahi du gutxienez, igoerarako promozio kanporaketa jokatuko duela Ohorezko Mailako azkenaurrenaren aurka, Independiente Santander seguruenik. Finala irabaziz gero zuzenean lortzen da igoera.

Horregatik, bihar Pantanon asko dago jokoan. Galtzaileak denboraldiari agur esango dio eta irabazleak aurrera jarraituko du. La Vila talde indartsua da eta aurtengo emaitzak ikusi besterik ez daude. Final laurdenetan Pasek Belenos asturiar taldeari 57-22 irabazi zion eta martxoan Hernanik talde berdinari 37-30 irabazi zion Landaren. Hala ere, markagailuan abantaila haundiagoa egon omen zen jokoan bi taldeek erakutsi zutena baino.

Beraz, Hernanik dena emango du ametsa bizitzen jarraitzeko. Bere mailarik onena erakutsiz gero La Vilak gauzak ongi egin beharko ditu hernaniarrak gainditzeko.

18 urtez azpikoek 59 eta 0ko abantailarekin, Bilbora

Egun berean, Bilbon, Hernaniko 18 urtez azpiko taldeak jokatuko du itzulerako partidua Universitario taldearen aurka. Kanporaketa onen garaileak Espainiako Txapelketa jokatzeko lekua irabaziko du eta hernaniarrek dena dute alde. Pasa den asteburuan 59-0 irabazi zuten Landaren eta alde horrekin sailkapena ezin gertuago dute.

16 urtez azpikoek aurreko astean emaitza ezin hobeak lortu zituzten eta aste honetan ere lortu nahi ditu aurkari berdinen aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!