Gehiegi eman edo gehiegi jasotzearen sentsazioa duzu? Jar diezaiogun honi arreta datozen egunetan.
Lehenik eta behin, ezinbestekoa dugu, elkarren beharra dugula aitortzea. Eta benetan, horrela ez bada, aldaketa sakon bat egiteko unea den pentsatzen hasi beharko dugu. Agian, zenbait kideri agur esateko ordua iritsi da, eta erlazio berriei lekua egin, denbora eskaini eta ongi-etorria ematekoa.
Harremanetan, elkarrekiko begirunea nagusi dela esango zenuke? Gure eta ondokoen jarrerak tratu onez ematen direla? Hartu-emanak elikatzeko, zaintzeko, babesteko egiten ditugun gauzak elkarri aitortzeak harremanari sendotasuna emango diote. Nola bizi duzu hau azken aldian?
Gure sare afektiboan, parte eta besteen hurbil sentitzea garrantzitsua da gure ongizaterako eta oreka horren erdigunean kokatu ahal izateko. Nola zaude zentzu horretan? Ondokoen premiei arreta jartzen al diezu? Eta haiek zure beharrei erantzuten al diete? Ulertua sentitzen al zara?
Agian, zenbait kideri
agur esateko ordua iritsi da,
eta erlazio berriei lekua egin
Era berean, zentzu guztia du, norbere bizitzari eragiten dizkion erabakietan aktiboki parte hartzea. Erabakiguneetan egoten al zara? Agian zure burua hortik kanpo ikusten duzu, edo ez dizute utzi parte izaten... Bikotekidearekin, ere, gai honek pixu handia izan dezake. Sarri, elkarrekin partekatzen ditugun esparruetan, harremanaren kide batek boterea bere egiten du, eta alboratuta uzten du bestea. Botere banaketa desberdinak azaleratu, aitortu eta hauen gainean erabaki kontzienteak hartzea, zaila bezain osasuntsua izan daiteke. Askotan, gatazkak ekiditeko, botere desberdinkeria onartzen da, beldurragatik, eta hortik ateratzeko, kanpoko laguntza behar izaten dugu. Gogora ekarri beharko dugu, gatazkak, eraldaketarako aukeratzat eta loturak ereiteko derrigorrezko pasabidea izan daitekela kasu asko-askotan.