'Gazteontzako lan eskubideen gida' berritu dute Ernaik eta LABek

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

2014an kaleratu zuten lehen aldiz. Oraingo honetan, berriz, «egoera sozioekonomikora egokitu eta zuzendu egin dugu».

Gazteontzako lan eskubideen gida berritu dute, elkarlanean, LAB sindikatuak eta Ernaik. 2014an argitaratu zuten lehenengoz, eta oraingo honetan, egungo egoera sozioekonomikora zuzendu eta egokitu dute. Hori horrela, aldaketen berri emateko asmotan, datozen egunetan aurkezpenak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Hernaninmaiatzaren 21ean izango da, 18:00etan, EH Bilduko egoitzan.

Bestalde, pandemiak gazteen egoera «drastikoki okertu» duela helarazi dute. «Esaterako, 16.196 gazte langabe daude egun Hego Euskal Herrian. Gainera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan emantzipatzeko bataz-besteko adina 30 urtekoa da. Ikasturte hau bereziki zaila izan da». Horrez gain, konfinamenduek eta horien ondorengo egoerek gazteengan ondorio psiko-sozialak eragin dituztela aipatu dute. «depresio eta suizidio tasek gora egin dute, harremantzeko zailtasunak izaten ari gara...».

«Gazteon egoera ez da ausazkoa»

Edonola ere, gazteen egoera ausazkoa ez dela adierazi dute. Izan ere, diote, «egiturazko errealitate bati erantzuten dio. Gazteak eskulan merkea gara, merkantzia erraza. Gazte langileon esplotazioa emankorra da: esperientzia ezaren izenean edo, praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira. Ezin dugu beraz prekarietatea elementu koiuntural gisa kokatu, gazte prekarietatea estrukturala da».

Horrela, bada, gazte prekarietatea «agendan kokatu» behar dela esan dute. «gazteon interesak nahiz klase interesak borrokatzeko dugun beharrak Ernai eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eta egokitzera eraman gaitu. Euskal langile klasea osatzen dugun gazte, jatorri anitzetako langile, langabetu, ikasle, emakumeak... denak gaude kapitalaren ofentsiba berri honen jopuntuan eta denok batera borrokatzeko tresnak behar ditugu».

Gida, borrokatzeko tresna

Gazteontzako lan eskubideen gidak «borrokatzeko tresna» bat izan nahi duela helarazi dute LABek eta Ernaik; «baita Bizilan. eus atarian bildutako eduki lagungarriak ere». Aipatu dutenez, gidak azaltzen ditu «gazteriak enpleguetarako sarbidean kontuan izan beharreko hainbat gako eta eduki, eta baita ohikoak diren iruzurrak identifikatzen lagundu ere». Horrekin batera, gidak beste hainbat eduki ere biltzen dituela aurreratu dute: «kapitalismoak Covid-19ak eragindako krisi sozio-sanitarioa gazteon prekarizazioan sakontzeko nola baliatu duen ere azaltzen du eta azkenik, gazteek sindikatuarekin harremanetan jarri nahi izanez gero nora jo biltzen du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!