Raul Barreras zinegile hernaniarra, Geuretik Sortuak proiektuan

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Proiektuan parte hartuko duten 26 sortzaileak. Argazkia: Raul Bogajo/Foku

Euskal kultura Euskal Herri osora zabaltzea da helburua. Barrerasek zinemako arloan hartuko du parte.

Geuretik Sortuak proiektua jarri du abian Udalbiltzak, Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak. Proiektuaren helburua da euskeraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatzea. Alegia, proiektu honek euskal kultura Euskal Herriko bazterretara eramatea du xede, sormen-egonaldien eta bertatik sortzen diren obrekin egingo den hedapen-zirkuitu baten bitartez. Zehatzak izateko, proiektuaren funtsa da euskeraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea; eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu Udalbiltzak sortzaileentzat.

Aurtengo urtarrilean ireki zen artisten beka-deialdia, eta bertatik 73 proposamen artistiko jaso ziren; 21 literatura lan, 24 antzezlan eta 28 film labur. Horietatik, denera 26 sortzaile hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost antzerki konpainia. Hain justu, horien artean dago Raul Barreras zinegile hernaniarra. Gainera, Barrerasek lan bikaina egin duela esan daiteke, izan ere, ez da erraza izan hautatua izatea: «proposatzen zitzaiena, guztiz berritzailea izateaz gain, ez zen lan makala», azaldu dute Udalbiltzakoek. «Zein herritara joango ziren jakin gabe, euren proposamen artistikoa azaltzean zetzan, baita eremu ezberdinetara egokitzeko malgutasun planteamendu bat aurkeztean ere».

3 asteko egonaldia egingo dute

Martxoaren 23an erabaki zen zein artistek jasoko zuten beka hori. Orain, Euskal Herri osoko hainbat herritan izango dira. Hain justu, bakoitzak hiru astera bitarteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean. Ondoren, egonaldi horietatik, 16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film labur sortuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!