'Zero Zabor Hozkailua' proiektu pilotua jarri du martxan Udalak, herritar guztientzako

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 30a, 00:00

Zero Zabor Hozkailua proiektu pilotua aurkeztu zuten atzo, Udalean.

Proiektu pilotua da eta, momentuz, bi hilabeteko iraupena izango du. Jangeletan soberan geratzen den janaria aprobetxatzeko sortu da, eta helburua da elikagaien xahutzearen kontra egitea eta hondakin organikoa gutxitzea. 

Atzo aurkeztu zuten Hernaniko udaletxean Zero Zabor Hozkailua proiektua. Maiatzean jarriko da martxan, eta bi hilabeteko proiektu pilotua izango da. Soberako elikagaiak modu seguruan biltegiratu eta herritarren eskura jarriko duen hozkailua da. Residuo Cero Fundazioarekin, Aratz Ikastetxearekin eta Langile Ikastolarekin elkarlanean sortu da, eta xedea da «jangeletan soberan geratzen den janaria aprobetxatzea». Izan ere, Mattin Aldaia zinegotziak azaldu zuenez, eskoletako jantokietako janariaren %7-%10 soberakina izaten da,  «eta janari hori bota egiten da».

Langileko jangelako arduradunak jakitera eman zuen horrelako zerbait egiteko «beharra» zutela, egunero botatzen dutelako janaria. «Gainera, proiektua interesgarria da bi arrazoirengatik: batetik, soberakinak kudeatzeko aukera ematen duelako; eta, bestetik, ikasleek balore positiboak landuko dituztelako eta ohiturak aldatuko dituztelako».

Aratz Ikastetxeko zuzendariak ere horixe bera baieztatu zuen atzo: «aspalditik geneukan ideia buruan, baina nola kudeatu ez genekien. Udalak aukera hau mahaigaineratu zuen eta oso gogotsu gaude. Seigarren mailako ikasleek izango dute honen ardura, eta ederra da haien inplikazioa ikustea». 

Doako zerbitzua, herritar guztientzat
Hitz gutxitan, Aldaiaren esanetan, egingo dena hauxe da: «jangelan soberan gelditzen diren elikagaiak modu seguruan bildu, hoztu, ontziratu, itxi eta etiketatu». Ondoren, Sandiusterri eta Txantxilla arteko bidean dauden bi hozkailuetan kokatuko dituzte ontzi guztiak. «Vending-hozkailuak dira. Herritarrak makinara hurbildu eta nahi duten ontzia hartzea besterik ez du izango. Horrez gain, hozkailuaren erabilera publikoa eta doakoa da erabiltzaileentzat.

Aipatutako guztiaz gain, orain soilik Aratzeko eta Langileko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek parte hartuko duten arren, «zehaztutako helburuak betez gero, aurrerago jarraipena ematea da jomuga; eta, beraz, gainerako ikastetxeei eta jatetxeei ere aukera hau proposatzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!