CAF-Elhuyar saria jaso du Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak, zientzia-kazetaritzaren arloan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 29a, 00:00

Iñaki Sanz-Azkue, astearteko sari banaketan, CAF-Elhuyar saria eskuetan duela.

'Etxeko leihoak naturaren behatoki' lana saritu dute: «gaurkotasun beteko artikulu bat da, baina egilearen ikuspegi pertsonala azaltzen du, eta horrek originaltasuna ematen dio», azaldu dute epaimahaikideek, bere lanaren gainean.

Astearte arratsaldean banatu zituzten CAF-Elhuyar sariak, Do­nostiako Tabakaleran, Eza­gutza da txertoa lelopean; eta her­na­niar baten eskuetara iri­tsi da, ho­rietako bat: Iñaki Sanz-Azkuek jaso du zientzia-kazetaritzaren arloko saria, Etxeko leihoak naturaren behatoki erreportajearekin. Naiz egunkariko Gaur8 atalean argitaratu zuen artikulua, biologo eta irakasle hernaniarrak.

Joan den urteko martxoan idatzi zuen erreportajea, konfinamendu garai bete-betean. «Gaurkotasun beteko artikulu bat da, baina aldi berean, egilearen ikuspegi pertsonala azaltzen du, behaketan eta kontenplazioan oinarritua, eta horrek originaltasuna ematen dio», azaldu dute epaimahaikideek.

Horrela, bigarrenez jaso du CAF-Elhuyar saria Sanz-Azkuek, eta «oso pozik eta sorpresaz» hartu du, Kronikari azaldu dionez. «Egin ditudan beste erreportajeen aldean, desberdina da hau. Badauka ikuspuntu zientifikoa, zientziari lotutako kontuak aipatzen ditudalako; baina baita hausnarketa puntu bat ere, nire ahotsetik idazten dudana. Horregatik, ez nuen espero saria jasotzea. Eta kontrakoa gertatu da, originaltasun horixe saritu dute».

Saria jasotzeak, «eta nire la­na baloratzen dela ikusteak», bizipoza ematen diola nabarmendu du hernaniarrak.

Errekonozimendu horrekin ba­tera, 2.000 euroko saria eta Ima­nol Andonegi Mendizabalen es­kul­tura bana jaso zuten, aste­arteko lau sarituek. Nahia Seijas Garzónek ja­so du dibulgazio artikulu orokorraren saria; Ainara Sangroniz Agudo izan da saritua egilearen doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluen atalean; eta Asier Alvite Arreguirentzat izan da lehen sektoreko lanak saritzeko Neiker Sari Berezia.

Horiez gain, Elhuyarren Merezimendu Saria ere eman zuten, eta oraingoan, Jabier Agirre Lasarte medikuak jaso du aitortza, euskalgintzan egindako ibilbide luzeagatik, eta euskeraren normalizazioan eta zientziaren dibulgazioan egindako lanagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!