Energia Berriztagarrien Komunitatea aurkeztuko dute bihar, herritarren aurrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 28a, 00:00

Iñaki Bárcenak hitzaldia eskaini zuen duela bi aste, trantsizio energetikoari buruz.

Komunitatearen inguruko azalpenak emango dituzte, arratsaldeko 19:00etan hasita Biterin; eta hernaniar guztiei luzatuko diete gonbitea, EBKren kide izateko. Udalak eta herriko zenbait kolektibok egin dute EBKren aurrelanketa.

Bihar arratsaldean aurkeztuko dute Energia Berriztagarrien Komunitatea, Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Hernaniko Udalak eta herriko zenbait kolektibok egin dute EBKren aurrelanketa, elkarlanean; eta orain, interesa duten herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko deialdia, «datozen hilabeteetan proiektua zehaztu eta Hernaniko EBK sortzeko asmoz», nabarmendu dutenez.

Aurkezpenaren atariko gisa, Iñaki Bárcenaren hitzaldia antolatu zuten apirilaren 15ean. Trantsizio energetikoari buruz aritu zen EHUko Gizarte eta Politika Zientzietan doktore eta ekologismoan aktibista dena.

Biharko aurkezpen saioan, berriz, azalpenak emango dituzte, Energia Be­rriztagarrien Komunitatea izan­go denari buruz. Aurreratu dute­nez, honakoak izango dira ko­munitatearen hel­buruak: «era­ginkortasun neurriei esker energia aurrezkia lor­­tzea, energiaren inguruko formakuntza, informazoa eta aholkularitza zerbitzuak bideratzea, eta baita energia berriztagarrien proiektuak sustatzea ere».

«Burujabetza energetikoaren bidea jorratuko du EBKk»

Horren harira, EBKk nabarmendu du­, «trantsizio energetikoaren testuinguruan», hernaniarren ahalduntzea eta ekintza «bideratzeko gaitasuna» izango duela komunitateak, eta «burujabetza energetikoaren bidea» jorratuko duela.

Hori horrela, interesa duten herritar guztiei luzatu diete gonbitea, Hernaniko EBK sortu eta kide izateko. Gainera, jakinarazi dute erabilgarri daukatela harremanetarako helbide elektronikoa, dagoeneko, informazioa eskatu edota prozesuan izena emateko, besteak beste: info@ebkhernani.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!