Finalera, Arrillaga eta Irazustabarrena

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 00:00

Amaia Irazustabarrenak Bizkaia Torneoko finalerako pasea lortu du.

Bizkaia Torneoko finalerdia irabazi zuten Nagore eta Etxanizen kontra. Finala igandean Galdos-Mendizabalen aurka jokatuko da.

Joan den larunbatean jokatu ziren Emakumezkoen Larruzko Pilotako IIIgarren Bizkaia Paleta Txapelketako finalerdiak. Amaia Irazustabarrena hernaniarrak eta Miriam Arrillagak indarrak neurtu zituzten Nagore Martinen eta Leire Etxanizen aurka. Arrillaga-Irazustabarrena bikotea izan zen garaile, 12-8 eta 12-5 irabazi ostean. Bigarren partiduan, berriz, garaipen estua lortu zuten Leire Galdosek eta Maider Mendizabalek. 12-10 eta 12-11 gailendu ziren Miren Larrarteren eta Itxaso Erasunen aurka. Asteburuko emaitzekin, beraz, dagoeneko zehaztu dira final haundiko protagonistak.

Arrillaga eta Irazustabarrena Galdos eta Mendizabalen aurka arituko dira. Joan den bi urteetan, hernaniarrak txapela irabaztea lortu zuen, beste bi pilotarirekin: Huizirekin aurrena, eta Araiztegirekin bigarrena. Igandean izango du hirugarren txapela irabazteko aukera. Horrez gain, hirugarren eta laugarren postuak Larrarte- -Erasun eta Nagore-Etxanizen artean erabakiko dira. Igandean jokatuko dira partiduak, maiatzaren 2an, Bizkaia frontoian. Aurreko norgehiagokak bezalaxe, txapelketa Facebook bidez jarraitu ahal izango da, oraindik ez baitago baimenduta gaur egungo kirol ekitaldietan jendeak ikusle moduan parte hartzea. Gainera EITBk finala zuzenean eskainiko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!