Hernaniko neskek galdu egin zuten, Fortunaren aurka partidu gogor batean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 27a, 00:00

Aurreko astean irabazi eta gero asteburu honetan ez dute garaipena lortu.

Liderrak 1-3 irabazi zuen Hernaniren kontra kiroldegian partidua orekatzea lortu eta gero.

Hernaniko neska jubenilek galdu egin zuten pasa den larunbatean, etxean, Fortunaren aurka 1-3. Espero zen modura ez zen partidu erraza izan Hernaniarrentzat.

Partiduak bi zati izan zituen, lehen jokoan etxekoak oso urduri aritu ziren eta akats asko egin eta gero ohartu zirenerako bisitariek 7-25 irabazia zuten. Etxekoek aurten jokatu duten jokorik kaxkarrena erakutsi zuten lehen joko horretan.

Hemendik aurrera eta partidu amaierara arte joko orekatua ikusi zen eta bi taldeek zuten guztia erakutsi zuten kiroldegiko kantxan.

Bigarren jokotik aurrera partidak beste itsura bat izan zuen, Hernani esnatu eta talde borrokalari bat ikusi zen, bere mailan jokatuz.  Jokoa asko luzatu zen eta hernaniarrek bana berdindu zuten jokoa 28-26 irabazi ondoren.

Hirugarren jokoa berriz ere orekatuta iritsi zen hogeigarren puntura eta azken puntuetan zorte pixka bat falta izan zuen etxeko taldeak. Azkenik amore eman behar izan zuen Hernanik eta Fortunak irabazi zuen hirugarren set hau, 22-25. 

Laugarren jokoa ere maila onekoa izan zen, bi taldeek baloi guztiak borrokatzen zituzten eta berdintasuna izan zen nagusi azken txanpara arte. Azken joko hau ere donostiarren aldekoa izan zen 19-25eko emaitzarekin. 

Hernanik, 1-3 galdu arren, partidu ona jokatu zuen lehen jokoa izan ezik, eta horrela lehiatuz gero etorriko dira garaipen gehiago. Donostiarrek bere aldetik, beste jardunaldi batean garaipena lortu dute eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute porrotik ezagutu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!