Juul literatur hauteskundeetan aukeratua, Alai Zubimendiren lana

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 26a, 00:00

Euskal Herri osoko ikasleek hartu dute parte aukeraketan.

Euskal Herriko ikasleek liburu eta ilustratzaile gustukoenak aukeratu dituzte, eta Zubimendi izan da horietako bat. 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak aurtengo Juul literatur hauteskundeak egin berri ditu, eta Alai Zubimendi ilustratzaile hernaniarraren lana aukeratua izan da ekimenean bozka eman duten ikasleen artean. 23garren edizioa izan da aurtengoa, eta kanpainaren helburua da «Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurzaletasuna elikatzea». Horretarako, haurrek eta gazteek gustukoen dituzten liburuak aukeratu dituzte, euskeraz idatzitakoak. Hain justu, ikasleak izan dira epaileak; eta, beraz, ikasleek hautatutako liburuak beraiek aukeratutakoak izan dira, eta ez, ordea, antolatzaileek aurrez zehaztutakoak. 


5.046 ikaslek hartu dute parte ilustratzaileen kategorian
Gainera, esan bezala, liburuez gain, ilustratzaile gustukoenak ere aukeratu dituzte. Kategoria horretan izan da saritua, hain zuzen ere, Zubimendiren lana. Horren haritik, gustukoen duten ilustratzailea aukeratzeko, denera 5.046 hautesle-ikaslek hartu duten parte.   Liburuen aukeraketan, berriz, 12.474 boto eman dira. Horrez gain, antolatzaileek jakitera eman dutenez, kanpainan, osotara, 39 ikastolek hartu dute parte.

Bestalde, aurreko urteetan bezalaxe, bozketa egiteko bi sistema izan dira: batetik, boto-txartela; eta, bestetik, bozka elektronikoa. Adierazi dutenez, bozketa elektronikoko sistema erabili dutenak gazteak izan dira, bereziki. Horrekin batera, hauxe zehaztu dute: «boto-emaile askok bi aukeretan hartzen dute parte, hau da, liburu gustukoena zein ilustratzaile gustukoena aukeratzeko botoa eman dute».


Egoera berezia, aurtengoa

Egungo egoera dela, aurtengo edizioa egitea konplikatuagoa  izan dela adierazi dute; horregatik, zoriondu egin dituzte parte hartzaileak. «Zoriondu nahi ditugu ikastolak hauteskunde literario hauek aurrera eramateko egin duten ahalegin bereziagatik. Izan ere, ez da erraza izan ekimena aurrera ateratzea. Beraz, zorionak ikastola guztiei!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!