Gaurtik ostiralera arte zabalik, udaleku irekietan zein kirol udalekuetan izena emateko epea

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 26a, 00:00

Izena emateko aukera dago online ('web.hernani.eus/gazteria') edo aurrez aurre Haur eta Gazteria Arrloan, aurretik hitzordua hartuta.

Egungo osasun egoera medio, joan den urteko udalekuak nahasmena izan baziren ere, aurten gogo eta ilusio haundiz antolatu dituzte uztailerako ekintzak. Horrela, bada, gaurtik ostiralera arte (hilak 30) egongo da udaleku irekietan zein kirol udalekuetan izena emateko aukera. Aurten, izenematea online web.hernani.eus/gazteria edo aurrez aurre egin beharko da, Haur eta Gazteria Arloan. Inskripzioa aurrez aurre egin nahi izanez gero, aurrez hitzordua eskatu behar da 943 57 54 35 edo 943 33 70 04 telefono zenbakietara deituta.

Kirol udalekuei dagokienez, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleentzat daude zuzenduta; alegia, 11 eta 12 urte bitarteko gazteentzat. Udaleku irekiak, berriz, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat dira; hau da, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, HH1 eta LH4 bitartekoentzat.

Horrekin batera, antolatzaileek jakitera eman dute Udalak zehaztutako ume kopurua baino haur eta gazte gehiagok izena emango balute, zozketa egingo litzatekeela. Bestalde, argi utzi dute egungo segurtasun eta prebentzio neurri guztiak bermatuta egongo direla udalekuetan. Horretarako, protokoloa zehaztu du Udalak eta horren guztiaren berri guraso bileran emango dute, umeen zerrendak erabakita daudenean.


Talde txikiagoak direnez, begirale gehiago izango dira

Aurtengo taldeak txikiagoak izango direnez, begirale kopurua altuagoa izango dela ohartarazi zuen Estitxu Agirre Gazteria Arloko zinegotziak, udalekuen aurkezpenean. Hain zuzen ere, begiraleen lan poltsa aurten irekiko da. Horri buruzko informazio gehiago ez  zuten eman, baina lan poltsa laster zabalduko dutela helarazi zuen Agirrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!