Garaipena lortu zuen atzo Hernanik El Rion, eta finalerdietarako sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 26a, 00:00

Hernanik CAU Valenciaren aurka irabazi zuen atzo. Argazkia: Hernani Rugby

CAU Valenciaren aurka neurtu zituen indarrak atzo talde trikoloreak. 23-25 gailendu ziren hernaniarrak; eta emaitza horrekin, finalerdia jokatuko dute La Vilaren aurka, Alicanten. 

Denboraldiko partidu garrantzitsuena jokatu zuten atzo hernaniarrek. Izan ere, taldeak Ohorezko Mailarako igoera fasean sartu dira eta, partidu bakarrera, final laurdena jokatu zuten El Rio zelaian. Norgehiagoka zaila eta borrokatua izan zen, bi taldeak garaipenaren bila atera zirelako zelaira. Gainera, indartsu aritu ziren biak, eta azken minutura arte borrokatu zuten.

Lehenengo zatian valentziarrek aurretik joatea lortu zuten. Horrela, atsedenaldira 17-6koarekin joan ziren. Hala ere, bigarren zatian,  Hernanik ondo asmatu zuen jokoan eta 42garren minutuan 20-6ko markagailua bazegoen ere, 20-20ko berdinketa lortu zuten 68garren minutuan, Xaboren entseguarekin. Horren ostean, CAUek 23-20koa egin zuen, baina, bi minuturen faltan, Hernanik entsegua egin zuen Valentzian; eta horrekin, finalerdietarako pasea lortu zuen, 23-25 itxi baitzen partidua.

Maila bikaina erakutsi zuten hernaniarrek, bikain asmatu baitzuten hegaleko sakeetan, touchetan, eta baita mauletan ere. Horietan erabaki zen, hain zuzen, atzoko garaipena. 


Hurrengo partidua La Vilaren aurka, El Pantano zelaian

Emaitza horrekin, beraz, igoera faseko lehen kanporaketa aurrera ateratzea lortu dute trikoloreek. La Vilaren aurka jokatuko dute hurrengo partidua, Alicanteko Villajoyosan, El Pantano zelaian. Konfirmazio ofizialaren faltan, partidua maiatzaren 2an izango da, igandean, eguerdiko 12:00etan. Partidu bakarrera erabakiko da hori ere, eta norgehiagoka zaila izatea espero da, La Vilakoek lehenengo postua lortu baitzuten rankingean. Dena den, indartsu eta gogoz borrokatuko dute mutilek Ohorezko Mailara igotzeko. Irabaziz gero, finala jokatuko lukete; eta finala irabazita, mailaz igoko lirateke. Aitzitik, galduz gero, promozioa jokatuko lukete Ohorezko Mailako azken aurrekoaren aurka.

Bestalde, beste finalerdia Gernikak eta Pozuelok jokatuko dute, Gernikan. Gernikak irabazi egin zuen Fenix Zaragozaren aurka eta Pozuelok, aldiz, Almeriaren aurka irabazi zuen atzo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!