PSE-EE

Segurtasun neurri gehiago eskatu ditu PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 25a, 00:00

Ricardo Crespo Hernaniko Udal talde sozialistaren bozeramailea «kezkatuta» dago, herrian «gatazka eta segurtasun eza areagotu direlako». 

Ricardo Crespo Hernaniko udal talde sozialistaren bozeramaileak «kezka» agertu du, «Euskadiko 2020ko delinkuentziaren memoriaren datuen arabera, Hernanin gatazka eta segurtasun eza areagotu direlako». Hori horrela, Xabier Lertxundi alkateari eskatu dio Udalean bilera bat egiteko, «EH Bilduren gobernuak azal dezan zein segurtasun neurri hartuko dituen».

Jakitera eman duenez, «Eusko Jaurlaritzak kriminalitateari buruz emandako azken datuek erakusten dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak udalerrian ezagutzen dituzten arau-hauste penalen gorakada kezkagarria izan dela 2019 urtea eta 2020 urtea alderatuta». Horren haritik, hauxe zehaztu du alderdiak: «zehazki, %3,09ko igoera dago. Hernanin, torturaren eta osotasunaren aurkako arau-hauste penalak %135,29 igo dira, sexu-askatasunaren aurkakoak %133,33 eta ondarearen eta ordena ekonomikoaren aurkakoak %4,84. Xehetasunetara jotzen badugu, %26,67 igo da tratu txarren salaketen kopurua familian eta %117,65era iristen da ohikoak diren kasuetan. Sexu-askatasunaren aurkako arau-hausteen gorakadaren barruan, sexu-erasoen %140 daude eta sexu-askatasunaren aurkako beste arau-hauste batzuen %125. Etxean indarra erabiliz egindako lapurreten salaketen kopurua %245 igo da. Gainera, esanguratsua da droga-trafikoagatiko arau-hausteen %550eko igoera eta salatutako iruzurren kopurua %86,11 igo dela».

«Egoera larria da»
Hori guztia aintzat hartuta, PSE-EEk dio egoera «larria» dela. Ondorioz, Crespok adierazi du «premiazkoa» dela Hernaniko Udalak segurtasun neurriak hartzea udalerriko delituen gorakadari aurre egiteko. Horrekin batera, gainerako lurraldeetan kriminalitate-indizeak behera egin duela ere adierazi dute sozialistek: «Gipuzkoan %14,62 egin du behera; Donostian, %11,33; Irunen, %5,44; Eibarren, %5,23; eta Pasaian, %8,43».

Era berean, argi utzi nahi izan du sozialistek ez dutela «alarmarik» sortu nahi, baina arazo hori konpondu behar dela uste dute, «datuek berresten baitute delituak gauzatzen ari direla eta areagotu egin direla». Horrekin batera, adierazi du «indarkeria eta gatazka egoeren aurrean segurtasuna hobetzeko» lan egin behar dela, «Hernanin gero eta ohikoagoak baitira 3 hilabetez gure etxeetan konfinatuta egon ginenetik». Horren bueltan, galdera edo zalantza bota du airera, ea arau-hauste penalen hazkundea are haundiagoa izango ote zen pandemiarik egon izan ez balitz.

Gizarte zerbitzuak indartzeko eskatu du
Horregatik guztiagatik, gizarte zerbitzuak indartzeko eskatu du Crespok, «etxebizitzetan tratu txarren kasuak detektatzeko, familia barruko salaketak ugaritu ostean. Sexu-erasoei, puntu beltzak kentzeari, poliziaren presentzia handiagoari edo autobabes-kanpainei dagokienez». Gainera, indarra erabiliz egindako lapurreten kopuruaren gorakadaren aurrean, poliziek kaleetan presentzia haundiagoa izatea ere eskatu du. Eta iruzurrei aurre egiteko, berriz, informazio-kanpainak  egitea proposatu du «udalerrian engainu operazio bat egiten ari direla jakiteko eta hori guztia gutun edo deialdi publiko baten bidez egiteko». Modu horretan, dio, «gure bizilagunak adi egongo dira eta  ez dira iruzurrean eroriko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!