Laburbirak 29 herri bisitatuko ditu, eta horien artean Hernani, euskerazko 8 film labur erakusteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 25a, 00:00

XVIIIgarren Laburbira hasiko da bihar,  euskerazko film laburren zirkuitua. Maiatzaren 19an izango da Hernanin, Biterin, 19:00etan.

Euskerazko film laburren zirkuituak 18garren edizioa beteko du aurten. Hori horrela, euskal ikus-entzunezkoen harrobitik 8 film labur Euskal Herriko hainbat aretotara eramango ditu apirilaren 26tik maiatzaren 30era bitartean. Ordiziako Herri Antzokian emango zaio hasiera eta Larrabetzun amaituko da; tartean, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hainbat herritatik igaroko da. Hernanin ere izango da horretarako aukera, maiatzaren 19an, Biterin, arratsaldeko 19:00etan.

 

Hainbat generotako laburmetraiak ikusgai

Laburbira XVIIIgarren edizioa osatzen dute 2019-2020an grabatutako eta ekoiztutako euskerazko 8 film laburrek. «Emanaldiak irauten duen 72 minututan ikusleak gorrotoa, barrea, beldurra, jakin mina eta nazka bizitzeko aukera izango du», aurreratu dute antolatzaileek.

Horrez gain, jasotako film labur guztien artean 8 aukeratu dira «beraien istorio eta kalitate nabarmenagatik eta jaialdietan izandako harreragatik». Hauetariko batzuk Zinebi (Nigandik) eta Mendifilm Festival (Aterpean Ateri) jaialdietan aurkeztutako lanak izan dira; eta beste batzuk, berriz, laburmetraia lehiaketetan sarituak ere izan dira: HUHEZINEMA (Babarrun Txapelketa) eta Kameratoia (Agur).

Aurten, esan bezala, 8 ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da: Aterpean atari (Ruben Crespo); Nigandik (Imanol G. Gurrutxaga); Game Over (Ilune Diaz); Ilunabarrean esan (Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Villanina eta Irene Zaldua);  Babarrun txapelketa (Andoni Mtz de Madina eta Julen de la Serna); Datsegit (Aitor Arruti); Nire eguneroko maitea (Ximun Fuchs, Manex Fuchs, Eñaut Castagnet); Agur (Iñigo Acha).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!