Uxue Bereziartuaren 'Hamarratz' proiektuarentzat, Sorkuntza Beka

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 24a, 00:00

Koro Etxenerria eta Uxue Bereziartua atzo, Biterin

Kamisetak serigrafiatuko ditu artista hernaniarrak herriko sei auzotan, bost fase izango dituen prozesuan.

2020ko Arte Sorkuntzarako bekak badu irabazlea: Uxue Bereziartua Lonbide artista hernaniarra da, eta berak sortutako Hamarratz serigrafia proiektu herrikoiak jaso du saria. Koro Etxeberria Kultura zinegotziak eman zuen atzo horren berri, saridunarekin batera Biteri kultur etxean.

Uxue Bereziartuak pozez jaso du berria eta irrikitan da proiektua martxan jartzeko. Proiektua erabakitzeko hastapenetan, arte plastikoak kalera nola atera izan zen bere buruhaustea, izan ere, bere sorkuntza ez du eskultura, horma-irudi eta antzekoetan burutu orain arte. Beraz, ondo ezagutzen duen teknika hautatu du, serigrafia, zehazki, kamiseten gaineko serigrafia.

Bereziartuak Hernaniko zenbait auzotan sorkuntza tailerrak egitea proposatzen du. «Polita iruditu zitzaidan irudi estatikotik haratago, sorkuntza nomada bat bultzatzea, alegia, kamiseta soinean eramanez. Horrekin, herritarren inplikazioa eta konplizitatea sortu nahi ditut proiektuarekiko».

Horrela, bost fasetan bereiziko da proiektua. Lehen fasean, sorkuntza prozesua abiatuko da, auzo bakoitzean deialdi ireki bat eginez. Bertan erabakiko da kamisetaren irudia.

Bigarrenean, serigrafia taulak sortuko ditu artistak eta kamisetak serigrafiatuko dira herritarrekin, bigarren saio bat eginez.

Hirugarrena, hedapen fasea izango da, soberan geratutako kamisetak zabalduz. Auzo bakoitzak erabakiko du zein auzotar kuttunari banatuko dizkion kamisetak. Herrian zehar ere banatuko dira kamisetak, ahalik eta gehienarengana zabal dadin sorkuntza.

Laugarren fasea, ekintza bera izango da, kamiseta erabiltzea. Norberak kamisetarekin obra zabalduko du. Konplizitatea sortuko du honek proiektuarekiko, irudi, kolore eta letra antzekoak soinean eramatean. Ilustrazioak paperean ere egingo dira eta doan banatu.

Azken fasean, urteurreneko efemeridea ospatzeko, kamiseta duten guztiei balkoi edo leihoetan zintzilikatzeko deia egingo zaie, artea kalera ateratzeko aldarrikapena eginez. Proiektua udan martxan jartzea da asmoa eta kamisetak kalean ikusiko dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!