Hernanik igoerarako final laurdena jokatuko du bihar El Rion, Valentziako CAUren aurka, partidu bakarrera

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 24a, 00:00

Hernaniko taldeak aurrera nahi du jarraitu eta horretarako CAU gainditu beharko du.

Eguerdiko 12:00etan hasiko da partidua. Irabaziz gero, finalerdietara pasako da talde trikolorea, eta galduz gero, denboraldia amaituko litzateke. Irabazleak La Vila-Belenos partiduaren garailearen aurka jokatuko du finalerdia.

Hernanik denboraldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko du bihar, 12:00etatik aurrera, CAU Valenciaren aurka. Taldeak Ohorezko Mailarako igoera fasean sartu dira eta Valentziako El Rio zelaian final laurdena jokatuko dute partidu bakarrera. Irabazten duena finalerdietara pasako da, eta galtzaileak denboraldiari agur esango dio. Ez da itzulerako partidurik izango, eta beraz, hernaniarrek derrigorrez irabazi behar dute igoera fasean aurrera jarraitu nahi badute. 

Beste hiru final laurden jokatuko dira. Gernikak, Fenix izango du aurrez aurre; Pozuelok eta Almeriak indarrak neurtuko dituzte Madrilen; eta La Vila, Belenosen aurka ariko da Alacanten. Azken partidu honetako irabazlea izango da, CAU eta Hernaniren arteko partiduaren irabazlearen kontrario, hurrengo astean.  

Hernanik ez du partidu erraza. Zaila da jakitea beste multzo batean aritu den talde baten maila, baina igoera fasean baldin badago seguru talde sendoa dela. Gainera kontuan hartu behar da CAU, Hernani bezala, estatuko errugbiaren historiko bat dela. Hernaniren urrezko aroan ere arerioak ziren, eta behin baino gehiagotan neurtu dituzte indarrak tituluen borrokan. Bestetik, azken urteetan ere topatu dira igoera faseetan.

Etxetik kanpo jokatzea beti izaten da zaila, eta bihar irabaziz gero, hurrengo kanporaketa ere seguruenik Landaretik urruti izango da, Belenosek ezustekoa ematen ez badu behintzat. Taldeari bultzada emateko, Hernani Errugbi Elkarteak banderen kanpaina jarri du martxan. Dagoeneko Zintzarri, Aieko eta Lizeaga tabernetan salgai daude, eta zaletuen dendan saltzen hasi dira. Landaren ere eskuragarri daude. Hernaniko balkoietan dagoeneko ikusi daitezke banderak zintzilik, eta aste honetan gehiago ikustea espero da.

Neskek, partidua gaur

Bigarren Mailako Txapelketako partidua gaur jokatuko dute neskek: Hernani-Durango, 12:00etatik aurrera Landaren. Partidua atzeratzeko zorian egon da, atzo arratsaldean iragarrita zegoen eta ez zen atzerapenaren berririk iritsi. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!