Txokolatezko 'Guernica' erraldoia, prest

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 24a, 00:00

Miren Lukas, koadroaren zati baten aurrean Lezoko Salva Industrial pabilioian.

Hernaniko Oa, Esnal eta Adarraga gozotegiek parte hartu dute proiektuan, eta bihar Gernikan jarriko dute ikusgai egindako lana, Euskal Gozogileak elkartearen aurkezpenean.

Hernaniko hiru gozotegi; Oa, Adarraga eta Esnal buru-belarri aritu dira txokolatezko Guernica koadroaren erreplikan lanean azken bi asteetan.

Proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu Oa gozotegiko Miren Lukasek. «Euskal Herriaren gastronomiaren parte gara eta ez zaigu kontutan hartzen sukaldariekin alderatuz. Indartzeko nahi horretan Gipuzkoako Artisau Gozogileen elkartea sortu zen bere garaian. Hortik abiatuta Bizkaia eta Arabako gozogileekin elkartu gara Euskal Gozogileak elkartea sortzeko eta horren aurkezpena bihar igandean egingo dugu Gernikan eta horretarako Guernica koadroaren txokolatezko erreplika egitea bururatu zitzaigun». 

Etzi, astelehenarekin, bete­ko dira 84 urte Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoen aliatuek, Alemania na­ziaren eta Italia faxistaren ar­madek, Gernikako herria (Bizka­ia) bonbardatu zutela. 

Guernicaren askotariko erreplikak barreiatu dira munduan zehar material, neurri eta euskarri ugaritan irudikatuta, baina orain arte egin ez den bezalako erreplika bat izango du aurten Picassoren lanak: margolana xehetasun guztiekin irudikatuko duen eta orijinalaren neurri berbera izango duen txokolatezko koadroa. 

Proiektura atxikitu dira Euskal Herriko gozogileak, baita Nafarroa eta Iparraldekoak ere, Autonomi Erkidegoko federazioa ez izateko bakarrik egilea. «Denak hartu dugu parte proiektuan. Gipuzkoako federazioak antolatu du eta egun desberdinetan Euskal Herriko gozogileak Lezoko (Gipuzkoa) Salva Industrial enpresaren pabilioian aritu dira osatzen txokolatezko Guernica».

Guztira 500 kilo kakao erabili dituzte, txokolate zuria, beltza eta esnezkoa nahastuta. «Egutegi bat osatu zen eta Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko gozogileak egun konkretu batzutan aritu dira koadroan lanean. Gipuzkoako batzuk fijo egon gara bertan hasierako antolaketa egiten. Auzolanean, denak Lezon aritu gara». Koadroaren erreplikarekin, beren lanbidea «beste arte bat dela aldarrikatzea» nahi dute, nolabait, gozogile artisauek.

 

Lan ikaragarria izan da eta 7,30 bider 3,50 metro ditu

Guernicaren txokolatezko erreplika egitea «lantegi ikaragarria» izan dela dio Miren Lukasek: «Detaile asko dauzka koadroak, eta 500 kilo txokolate dira. 7,30 bider 3,50 metro da luze-altuan koadroa eta hamalau zatitan banatuta antolatu dugu lana. Hamalau taula edo zati prestatu ditugu eta txokolatea horietako bakoitzaren gainean ari gara jartzen, geruza eta testura ezberdinekin: pintzelekin, geuk sortutako moldeekin, pistoleatuta, eskuekin.... Hiru altura dauzka eta erliebean dijoa». 

Lan haundiko erronka izan da. «Gozogile bakoitza bere negozioarekin eta eguneroko lanarekin aritu da uztartzen Picasso­ren margolana irudikatuko du­en koadroaren osaketa».

Proiektuaren sustatzaileen asmoa da txokolatezko koadro erraldoia bihar Gernikan aurkeztea. Koadroaren garraioa nahikoa zaila izango dela dio Lukasek; kamioian eta koltxoien artean babestuta eramango dutela dio, dardarak eragozteko. «Argitrans enpresak egin zuen garraioa ostegunean lehendabiziko orduan tenperatura egokian eta eguzkiak jo gabe». Gogorra denean oso hauskorra da, eta biguna badago, berriz, urtu egiten da. Hozberoak-eta zaindu behar dira. Bidaian zatiren bat hautsiko zaiela kontuan hartuta ari dira lanean, konpontzera joan beharko direla aurreikusita. 
Txokolatezko Guernicaren bi­dea Gernikan ez amaitzea da Euskal Gozogileen federazioaren asmoa eta hiri desberdinetatik izan dituzte eskaerak koadroa ikusteko. «Iruñeara eta Baionara eramango da eta Paristik ere jaso dugu eskakizuna». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!