Konpromisoak gauzatzeko eskatu dio alkateak Jaurlaritzari

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 23a, 00:00
Xabier Lertxundi eta Mattin Aldai agerraldian. Argazkia: Eusko Legebiltzarra.

Legebiltzarrean egindako agerraldian, Lertxundik gogorarazi du Galarretako eremua estrategikoa dela Donostialdearentzat lurralde garapenari eta enplegu sorrerari dagokionez.

EH Bildu talde parlamentarioaren eskariz eta Hernaniko Udalaren izenean Ekonomiaren Garapena eta Berrikuntza Batzordeko Mahaian agerraldia egin zuen asteartean Xabier Lertxundi alkateak. Bertan azaldu zuen Galarretako eremuaren jabetzaren gehiengoa Jaurlaritzaren baitako erakundeen jabetzakoa dela, eta, gaur gaurkoz, horiek garatzeko konpromisoak gauzatu gabe daudela. Alkateak gogorarazi du Galarreta gune estrategikoa dela garapen ekonomikoan, eta, hortaz, lurralde garapenean. Halaber, berrikuntza eta jasangarritasunerako gune estrategikoa dela ere gaineratu zuen.

«Agindutako konpromisoak eta inbertsioak ez dira gauzatu», adierazi zuen Lertxundik eta Udalaren izenean kezka adierazi zuen eremu horretako garapena geldirik dagoelako. Izan ere, Hernaniko Udalean 2018ko azaroan adierazpen bat onartu zuten ahobatez Udala osatzen duten talde politiko guztiek: EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Orain Hernanik. Bertan, Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari konpromisoa eskatzen zitzaien hitzetan adierazitakoa gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko.

«Gaurko agerraldi honetan, eskaera hori berretsi nahi dugu hernaniar guztion izenean eta hasieratik aipatu izan dugun moduan, Hernaniko Udala erakunde publikoen eskura jartzen da, denon artean denontzat aberasgarria den garapen hau aurrera ateratzeko», esan zuen alkateak.

 

12 urteren ondoren, konpromisorik ez

2009 urtean sinatu zituen Hernaniko Udalak hitzarmen desberdinak Jaurlaritzaren menpeko erakunde publikoekin Galarretako Parke Teknologikoa eta Estubegi Industrialdea garatzeko. 12 urte pasa ondoren, garapen horiek ez dira gauzatu aurreikusitako eta konprometitutako epeetan.

Gaur egun, Orona kooperatibak bakarrik garatu ditu bereak diren partzelak. Horietan berrikuntza eta hezkuntza helburu duten eta erreferente diren hainbat eragile kokatu dira: Orona beraz gain, Orona Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan.

«Estubegi industriagunearen kasuan ez da inolako eskaintzarik izan eta parkeari dagokionez bi norabidetako mugimenduak izaten ari dira: Batetik, egin izan diren eskaintzek ez zuten bat egiten Parke Teknologiko bateko jarduerarekin eta eremu industrialeko jarduerak ezarri nahi izan dira eta, bestetik, lurralde mailan ikusten dugu Parke Teknologikora bideratutako hainbat jarduera eremu industrialetara eraman direla», zehaztu du alkateak.

Adibide gisa Gipuzkoan sortutako MUBIL Mugikortasun Zentro Berria aipatu zuen. «Bere jarduna guztiz bat dator Galarretako Parke Teknologikoarekin eta industriagunean kokatuko da, Zubietako Eskuzaitzeta gunean.

Hernaniko Udalak konpromisoa eskatu dio Jaurlaritzari eta elkarlanean aritzeko borondatea azaldu du Galarreta garatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!