Hilekoari buruz igande honetan, Kale Literatura ekimenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 22a, 00:00

12:00etan jarri dute hitzordua, 'Parke muerton'. Euria eginez gero, berriz, Lizeagako jolasleku estalian izango da. 

Udaberriarekin batera, bueltan dator Kale Literatura egitasmoa. Oraingo honetan, igande honetan jarri dute hitzordua, 12:00etan, Parke muerton. Burdina goria, biziaren gorria izenburuko saioa da igandekoa, eta hilekoa izangoa da landuko den gai nagusia. Hain justu, horren bueltan arituko dira eta irakurraldiko testu guztiak ere gai horri buruzkoak izango dira.

Irakurraldia 6 ataletan antolatu da eta horietako bakoitzak 4 testu izango ditu, «bertako zein urruneko egileek idatzitakoak». Hala nola, irakurriko dira Nerea Ibarzabalen testuak, Bego Montoriorenak, Oihana Aranarenak, Sona Gonzálezenak, Gorka Setienenak edota Stella Nyanzirenak. Horrez gain, ohikoa moduan, gaiarekin lotura duen musika ere entzungai izango da ekitaldian zehar.

Bestalde, egungo osasun egoera dela eta, kasu honetan ekitaldi osoa Parke muerton izango da, lekutik mugitu gabe. Hori horrela, esertzeko aulkiak egongo dira, bertaratzen diren guztientzat. Horrekin batera, euria eginez gero, ekimena Lizeagako jolasleku estalian izango litzateke.

 

Ipuin kontaketa, hilaren 28an

Aipatutakoaz gain, apirileko kultur agendaren baitan, bestelako literatura saioak ere izango dira Hernanin. Hain justu, hilaren 28an, datorren asteazkenean, ipuin kontaketa izango da Biterin. Haurrei zuzendutako ekintza da (4-6 urte), eta Lur Kortak gidatuko du. Bi saio egingo dituzte: lehena, 17:30etan; eta, bigarrena, berriz, 18:16etan.

Interesa dutenek, beharrezkoa izango dute aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea. Horretarako interesa dutenek, liburutegian bertan dituzte eskuragai, ohiko ordutegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!