Udalekuetan izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 22a, 00:00
Estitxu Agirre Gazteria Arloko zinegotzia eta Amaia Goikoetxea Gazteria Arloko administraria, atzoko prentsaurrekoan.

Udaleku irekiak uztailaren 1etik 23ra bitartean izango dira, 3-10 urte bitarteko haurrentzat; kirol udalekuak, berriz, uztailaren 5etik 23ra bitartean, 11-12 urte bitarteko gazteentzat. Izenematea online edo aurrez aurre izango da.

Atzo aurkeztu zuten Hernaniko aurtengo udalekuen eskaintza, udaletxean. Joan den urtean, koronabirusa dela eta, bertan behera gelditu behar izan zuten eta nahasmena izan zen herritar askorentzat. Dena den, Estitxu Agirre Gazteria Arloko zinegotziak azaldu zuen bezalaxe, «aurreko urteko esperientzia aintzat hartuta, aurten bestelako proposamen batekin gatoz». Ohi moduan, kirol udalekuak eta udaleku irekiak egingo dira, eta uztailean izango dira biak.

Kirol udalekuei dagokienez, uztailaren 5etik 23ra bitartean izango dira. 11 eta 12 urteko gazteentzat (LH5 eta LH6) zuzendutako udalekuak dira, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara. Hainbat kirol jarduera egingo dituzte egunero; besteak beste, piragua, eskalada, errugbia, eta abar. Horrekin batera, kirol horietan adituak direnekin egingo dituzte hainbat saio.

Udaleku irekiak, aldiz, uztailaren 1etik 23ra. Gainera, aurten, orain arte izan den moduan, 3 eta 10 urteko haurrentzat (HH1-LH4) izango da. Izan ere, joan den urteko udalekuak 6 eta 10 urte bitartekoentzat izatea erabaki zuten arduradunek, egungo egoerak hala bultzatuta. Jolasak eta aisialdirako jarduerak egingo dituzte, adin-tarte bakoitzari egokitutako programazioaren araberakoak.

Bestalde, bi udalekuak Hernanin erroldatuta dauden edo Hernanin ikasten duten Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntzako ikasleentzat dira. Era berean, udalekuek segurtasun neurriak beteko dituztela ziurtatu dute Udaleko ordezkariek. «Taldeak txikiagoak izango dira eta ekintza guztiak aire librean egiten saiatuko gara». Horren guztiaren berri, hau da, zehaztutako protokoloaren berri, izena eman duten haur guztien guraso bileran emango dute. Oraindik ez dago data zehatzik, baina aurrerago jakinaraziko dute.

 

Izenemeatea online edo aurrez aurre, apirilaren 26tik 30era

Izena emateko epea datorren astelehenean irekiko da. «Aurtengo aldaketa nagusia da ikastoletan egin beharrean, online edo aurrez aurre dela», jakinarazi zuen Agirrek. Online egin nahi dutenek, hernani.eus/gazteria atarian egin ahal izango dute. Aurrez aurre, berriz, Udaleko Haur eta Gazteria Arloan, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 13:00etara. Azken kasu horretan, hau da, presentzialki egin nahi izanez gero, hitzordua hartu beharko da aurrez: 943 57 54 35 edo 943 33 70 04 telefono zenbakietara deituta.

Halaber, udaleku irekien matrikulazioaren prezioa 99 euro izango dira eta kirol udalekuena, aldiz, 98 eurokoa. Bi kasuetan hobariak daude eta, beraz, interesa dutenek eta baldintzak betetzen dituztenek, Haur eta Gazteria Arloan eskatu ditzakete, udaletxeko lehenengo solairuan. Telefonoz deitu daiteke 943 57 54 35 edo 943 33 70 04 zenbakietara; edo, bestela, gazteria@hernani.eus helbide elektronikora ere idatzi daiteke. Horren bueltan, hauxe zehaztu zuten atzoko prentsaurrekoan: «matrikularen hobaria jaso daitekeen edo ez jakiteko, webgunean ikusgai egongo dira hainbat plantila, eta mugetan sartzen direla ikusiz gero, Gazteria Sailera jo dezakete, hobaria eskatzeko». Horren bueltan, kobraketa guztiak ekainean egingo dira banketxe bidez.

 

Ume gehiago egonez gero, zozketa egingo da

Izena eman duten ume kopuruak Udalak zehaztutako kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da. «Herritarrek izena eman duten webguneak berak egingo du, aplikazio baten bidez», zehaztu zuen Agirrek. Maiatzaren 6an izango litzateke hori.

Horrez gain, erreklamazioak maiatzaren 3tik 4ra bitartean egin ahal izango dira, eta zozketa, esan bezala, maiatzaren 6an.

 

Udalekuetarako begiraleen lan poltsa irekiko da aurten

Normalki bi urtean behin irekitzen da Hernaniko udalekuek begiraleen lan poltsa. «Oraindik data zehatzik ez badugu ere, aurreratzen dugu aurten ere irekiko dugula», esan zuen Agirrek. «Udalekuak antolatzearen helburu nagusietako bat ere horixe bera da, gazteak diren begiraleei lanpostu duina eskaintzea». Horren berri ere aurrerago emango dute, eta xehetasunak ere «ahal bezain laster» adieraziko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!