Emakumeen ahalduntzea sustatzeko asmotan, martxan da Emagunea

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 21a, 00:00
Emaguneko zenbait kide, antolatutako saioetako batean.

Saioak ostegunetan izaten dira, 15 egunean behin, eta bi orduko iraupena dute. Egitasmoa malgua eta irekia da: «behar eta ahal dugunean parte hartzeko aukera dago».

Hernaniko Udaleko Berdintasun eta Kulturartekotasun Sailak, Amherrekin elkarlanean, abian jarri zuen Emagunea (Jatorri Anitzeko Emakumeentzako Kulturarteko Gunea). Horren haritik, apirileko kultur ekintzen baitan, 29an aukera izango dute herritarrek ekimena ezagutzeko eta saioan parte hartzeko. Betiko moduan, Biterin izango dute elkargunea, arratsaldeko 16:30etan. Arduradunek azaldu dutenez, «emakumeak ahalduntzeko espazio bat da eta ongizatea areagotzea da helburu nagusietako bat».

Sorburu kooperatibak bideratutako egitasmoa da eta aurtengo otsailean jaio zen, hilaren 18an; eta, ordutik, 15 egunean behin antolatu dituzte saioak, ostegunero. Antolatzaileen esanetan, orain arteko harrera «oso ona» izan da, herritar askok hartu baitute parte. «Prozesu baten jarraipena da, Udalaren xedeetako bat hori baita, emakumeen ahalduntzea». Hain justu, Amherrekin elkarlanean ere, jabetza eskolak eta bestelako ekintzak ere egin dituzte orain arte.

Bestalde, parte hartzea irekia eta malgua den arren, egungo osasun egoeragatik horrelako ekintzetan aforoa mugatua denez, emakume migratzaileetan jarri dute fokua. «Gu beti saiatzen gara espazio mistoak sortzen. Alegia, ez egotea espazio bat soilik emakume migratzaileentzat edo espazio bat soilik bertakoentzat; alderantziz, elkar ezagutzeko espazioak sortzen ahalegintzen gara. Hala ere, orain, aforoa murriztu behar izan denez, lehenetsi dugu gunea emakume migratzaileentzat izatea; eta, batez ere, etxeko langileentzat. Baina, noski, hemen aforoak agintzen du; bestela, esan dudan moduan, parte hartzea mistoa eta anitza izatea nahi dugu».

Horrekin batera, Emagunea emakume migratzaileentzat izatea lehenestearen beste arrazoietako bat da saioetan lantzen dena «multzo horretako emakumeei dagokigula», azaldu du Amherreko ordezkariak. «Gainerako emakumeen babesa dugun arren, ez ditugu arazo berak bizi eta baldintzak ere ez dira berak; eta, beraz, gure artean bildu, babesa eman eta gaiaz informatuta egotea ezinbestekoa da».

Horren haritik, emakumeen ahalduntzea ere prozesu bat dela azpimarratu du Amherreko kideak. «Hona heltzea eta zenbait baliabide eskaintzen direla jakitea garrantzitsua da. Baina, era berean, jaioterria ez den beste herrialde batera iritsi eta horren parte sentitzea prozesuaren barne dago. Hau da, beste norbaiti zerbait kentzen ari zarela ez pentsatzea, edota arrotza zarela ez pentsatzea, esaterako».

Horregatik guztiagatik, Emagunea bezalako guneak sortzea «ezinbestekoa» dela helarazi dute arduradunek. «Espazio hauek sortzea interesgarria da hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, zurrumurruak deseraikitzeko balio duelako; eta, beste alde batetik, konturatzeko emakumeak anitzak garela». 

Parte hartzeko aldez  aurretik eman behar da izena
Antolatzaileek adierazi dutenez, ez da beharrezkoa saio guztietara joatea. Alegia, orain artekoetan parte hartu ez duten herritarrek aukera dute datozenetara joateko. Gainera, haurrak dituzten parte hartzaileentzat zaintza zerbitzua eskaintzen da, dohainik.

Horren bueltan, Emagunean parte hartzeko hainbat bide daude: emailez eman daiteke izena, kulturartekotasuna@hernani.eus helbidera idatzita; edo, bestela, 943 33 70 17 edo 670 006 414 telefonoetara deituta.  
Emaguneko saioak Ana Murciak eta Maider Andonegik gidatzen dituzte, gaian adituak. «Saio hauetan, emakumearen ahalduntzerako eta ikuspegi feministara hurbiltzeko oinarriak eman nahi ditugu. Hori horrela, saioak bi zatitan banatzen dira. Lehenengoan, emakumeok ditugun eskubideen gainean aritzen gara, eta baita berdintasunaz eta norberaren autoezagutzaz ere, betiere ikuspegi feministatik. Gainera, parte hartzaile guztien artean lantzen ditugu gaiak, gure beharren arabera. Bigarren zatian, berriz, gorputza jartzen dugu erdigunean. Oso elementu garrantzitsua da eta askotan ez diogu garrantzirik ematen, ahaztu egiten zaigu. Horregatik, erlaxazio, dantza eta arnasketa ariketak ere egiten ditugu», kontatu dute Amherrekoek.

Aurrekoarekin lotuta, gorputzari garrantzia ematea kasualitatea ez dela zehaztu dute. Izan ere, Ana Murcia El Salvadorreko Las Dignas talde feministako kidea da, eta Emaguneko ordezkariek azaldu dutenez, Hego Amerikako mugimendu feministak horren aldeko apustu sendoa egiten du. «Batzuetan, hemen, batez ere, horrelako guneak teoriarekin lotzen ditugu; baina gorputza ezinbestekoa da prozesu honetan».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!