'Zehar' emanaldirako sarrerak, salgai

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00

Maiatzaren 6an, zuzeneko musika, bideoa, antzerkia eta musika garaikidea uztartzen dituen  ikuskizuna izango da Biterin.

Dagoeneko aurreratu du Udalak maiatzeko kultur agendako ikuskizun bat. Hain justu, maiatzaren 6an, Zehar dantza eta musika ikuskizuna izango da Biterin, arratsaldeko 19:00etan.   Hori horrela, ikuskizunerako sarrerak salgai daude 7,5 euroan  Biteriko leihatilan eta baita online ere: kultura.hernani.eus helbidean.

Ertza konpainiaren eskutik, aurreratu dute emanaldian pertsona baten transformazioaren lekuko izango direla bertaratzen diren ikusleak. Horren haritik, hauxe dio sinopsiak: «Tximeleta askoren bizitzak bi aste besterik ez du irauten. Baina, tximeleta bezala jaio aurretik hamar egun bizi zen krisalida moduan, eta aurretik beste bi harra izan zen, eta aurretik lau egun arrautza... Non hasi eta non bukatzen da honen bizitza? Nor ausartzen da ziklo segida horretan muga bat jartzen?».

Asier Zabaleta dantzariak eta Iñar Sastre musikariak bidaia bat proposatzen dute, zuzeneko musika, bideoa, antzerkia eta dantza garaikidea uztartzen dituen ikuskizun honen bidez. Itxura, emozio, bizipen eta ikasgai askoren zeharreko bidaia bat izango da datorren maiatzaren 6koa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!