Hernaniko infantil nesken batelak brontzea, Euskadikoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko api. 20a, 00:00

Hernaniko infantil neskek brontzezko domina lortu dute.

Legution jokatutako txapelketan hirugarren amaitu zuten San Juan eta Zumaiaren atzetik.

Hernaniko nesken batel infantilak brontzezko domina lortu zuen igandean Euskal Herriko Arraun Txapelketan, Legution. Denboraldi osoan oso ongi aritu dira eta Euskadikoan berretsi zuten maila ona hirugarren postuarekin. Gipuzkoako batelen maila ezagutzen zuen taldeak, baina Bizkaiako batelen maila ezagutzea falta zen. Larunbateko sailkatze estropadan ikusi zen maila apalagoa zutela eta Ondarroa bakarrik zegoen Gipuzkoako ontzien pare. 

Larunbatean laugarren sailkatu ziren hernaniarrak San juan Zumaia eta Ondarroaren atzetik eta Tolosaren aurretik. Horrek, finalera sailkatzen zituen. Igandeko finalean Ondarroa zen aurkari nagusia dominen borrokan, larunbatean denbora ia berdina egin baitzuten. Hala ere, finalean Hernanik oraindik ere estropada hobea egin zuen eta bigarren luze ikaragarrian ziabogan zituzten bost segunduak berreskuratu eta beste hiru atera zizkieten ondarrutarrei.
San Juanek lortu zuen garaipena (5:01), Zumaia geratu zen bigarren (5:03), Hernanik bukatu zuen podiumean (5:12) eta Ondarroak itxi zuen finala (5:15). 

Hirugarren kontsolazio txandetan neska eta mutil nagusiak

Guztira Hernaniko bost batelek hartu zuten parte. Kadete mutilek eta neskek ez zuten larunbatean iganderako sailkapena lortu eta absolutu mutiletan eta nesketan hirugarren postuak lortu zituzten kontsolazio txandetan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!